argia.eus
INPRIMATU
Mamiki konpartsa feministak amaiera eman dio 43 urteko ibilbideari
  • Urteroko erantzukizunei aurre egiteko erreleboaren faltan, Bilboko Mamiki Konpartsa Feministak erabaki du 43 urteko ibilbideari amaiera ematea. Mamikik utziko duen hutsunea betetzeko asmoa duenik bada, konpartsa feminista berri bat sortzeko eraikuntza prozesua abiatu baitu Txinparta Feminista Konpartsak.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko abenduaren 14a
2019ko Bilboko Aste Nagusian Mamiki konpartsaren txosnan jendea bazkaltzen (Argazkia: Ecuador Etxea)

"Bagoaz!". Hala dio Mamiki konpartsa feministak berriki publiko egindako idatziak. 43 urteko ibilbidearen ondotik, taldeak erabaki baitu orain arteko jardunari amaiera ematea. Alabaina, beste bide batzuk hartzeko asmoak dituztela eman dute aditzera: "Bestelako bide batzuk jorratzea dagokigu (...) eta hainbeste maite dugun gure proiektu honetan barrena, beste parte-hartze modu batzuk begiztatzen joatea".

Bizkaiko Emakumeen Asanbladak sortu zuen Mamiki duela lau hamarkada, jai herrikoietan ikuspegi feminista bermatzeko helburuz eta eremu horretan "feminismotik, feminismorako eta feminismoaren alde ekarpenak eginez". Bilboko Konpartsak osatzen duten gainontzeko konpartsekin batera "historia egin" izanaren sentipenaz hartu dute federaziotik atera eta gehiago txosnarik ez muntatzeko erabakia. "Nahiz eta batzuetan harremanak ez diren errazak izan, erasoen aurkako borrokan aurrera egin dugu, protokoloak egin ditugu eta emakumeen borrokaren aldeko ekintzak burutu ditugu, jai-eredu hau guzti-guztientzat izan dadin ahaleginduz", egin dute balorazioa.

Antzematen denez, erabaki gazi-gozoa da hartutakoa, egiturazko arazoei eta horiei konponbidea aurkitzeko ezintasunari baitagokio. Duela urte batzuetatik hona, Aste Nagusian txosna muntatzeak exijitzen dituen ardura guztiei erantzuteko erreleborik aurkitu ezinda ikusi direla azaldu dute; antza, txosna muntatu eta jaiek iraun artean txandak egiteko jendearen inplikazioa izan dute, baina zailtasunak izan dituzte urteroko erantzukizunei heltzeko prest leudekeen emakumeak aurkitzeko. Horrexegatik jakinarazi zuten ekainean aurtengo Aste Nagusian txosnarik ez zutela muntatuko.

Egiturazko arazo horiei aterabidea emateko, barne prozesua abiatu zuten eta azken urteetan aritu dira konponbidea aurkitu nahirik. Alabaina, "min eta atsekabe handiz, Bilboko Konpartsak-eko adiskideekiko urte hauetan partekatu dugunagatik esker onez", prozesuari amaiera eman eta konpartsa ixtea erabaki dute.

Hausnarrerako abiapuntu bat utzi dute desagertu aurretik: "Denon artean sortu dugun auto-exigentzia mailari eustea benetan zaila da. Eta eskatzen duen inplikazio mailari erantzutea gero eta konplikatuagoa da norbere kontziliaziorako. Hori da utzi nahi dizuegun hausnarketa".

Txinparta Feminista Konpartsa, eraikitze prozesuan

Mamikik jakinarazi duenez, aurten txosna ez jartzeko erabakiaren aurrean, emakumeek bultzatutako "hainbat ekimen" azaleratu ziren, "etorkizunari beste modu batean begiratu nahi ziotela ematen zutenak". "Gehienak Mamikiren barne eztabaidarako eta lanerako espazioetatik kanpo kokatzen ziren", ñabartu dute idatzian. Azaldu dutenez, ekimen horietako kideekin jarrerak bateratzeko ahaleginean aritu dira, baina "ez da posible izan".

Mamiki Berria izeneko taldeak agertu zuen Mamiki Konpartsari eusteko asmoa, bere burua aurkeztuz "Mamikiko hainbat emakumez osatuko talde berregituratu" gisa. Manifestu baten bidez adierazitakoaren arabera, txosna ez muntatzeko erabakia ez zen hartu Mamiki osatzen zuten guztiekin, eta Mamiki Berriak "egitasmoa zabaltzen saiatu" eta "orain arte guretzat gune seguru hau izan dena" berrantolatu nahi zuen.

Egun, Txinparta Feminista Konpartsa izenez, eraikuntza prozesuan da konpartsa feminista.