argia.eus
INPRIMATU
‘Mami Lebrun’ antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki saria
  • Xake Produkzioak taldearen Mami Lebrun antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki saria, urtero Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak euskarazko antzezlan bati egiten dioten aitortza.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 27a

Konpainiaren lehenbiziko antzezlana da Mami Lebrun eta memoria, heriotza eta iraganari buruzko gogoeta bat eskaintzen du: Egoitz eta Miren amona Kontxa hil berriaren omenaldia prestatzen ari dira. Amonaren etxeko ganbaran aurkitutako eguneroko batzuetan oinarrituko dira Kontxak gaztetan Parisen bizitako istorio bat kontatzeko.

Kepa Errasti aktoreak Harrobia Eskenaren bideo honetan azaldu zituen obrari buruzko xehetasunak.

 

 

Sariaren epaimahaiak nabarmendu du "indar eta sormen handiko lana" dela Mami Lebrun, "ikuslea hunkitzea lortzen du. Horrez gain, elementu asko uztartzen asmatu dute: dantza, musika, umorea, hunkigarritasuna, hurbiltasuna…".

12.000 euroko saria jasoko dute Xake konpainiako kideek eta, horrez gain, Victoria Eugenia antzokian antzezlana jokatzeko aukera izango dute martxoaren 27an, saria jasoko duten egunean bertan-