argia.eus
INPRIMATU
Maltako kostazainek migratzaileak zeramatzan ontzi bat Italiara bidali dutela salatu dute
  • 101 asilo eskatzaile zituen ontzi bat Italiara itzularazi dute Maltako kostazainek, pistolekin mehatxu eginez. Irlan koronabirusa oso hedatua dagoela eta beraientzako lekurik ez dutela esanez bidali zituzten atzera, eta salbamendu-jakak eta ontziarentzako motor berri bat eman ostean, 30 minutuko epea eman zieten Italiara bueltatu zitezen.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 20a
Migratzaileak Mediterraneoan. Argazkia: TRT.

Siziliako (Italia) Pozzalo herrian porturatu da 101 migratzaileak zeramatzan ontzia. Bideo batean jaso dute gertatutakoa eta Alarm Phonera, larrialdietan dauden migratzaileentzako zerbitzua, bidali dute. Aplikazioaren garatzaileen arabera, ez da lehen aldia Maltako agintariek migratzaileekin horrelako jarrera erakusten dutena.

Apirilaren 8an abiatu ziren Libiatik migratzaileak, eta 11n Malta ikusi ahal izan zuten. Irlara hurbildu ahala, itsasontziak ikusi zituzten, baina ez ziren beraiek laguntzera joan. Kostazainen ontzi bakarra hurbildu zitzaien, salbamendu-jakak eta Italiara bueltatzeko koordenatuak emateko. Ontziko batzuk uretara salto egiten hasi ziren, lurrera igeriz heltzeko asmoz. Baina kostazainek bidea itxi zieten, olatuak sortuz. Sokak eman zizkieten uretan zeudenak lotzeko, eta buelta emateko ordu erdi zutela gogorarazi zieten.

Haserre azaldu da Alarm Phone aplikazioa kudeatzen duen taldea. Izan ere, koronabirusaren krisiarekin, Maltak bere portuak itxi ditu. Italiak ez ditu itxi, baina migratzaileek hamabost eguneko berrogeialdia pasatu behar dute bertan porturatu aurretik, Europako bilaketa eta salbamendu (SAR ingelesez) gunean.

Maltako Gobernuak erantzunik ez

Migratzaileek ateratako argazki eta bideoek beren bertsioa baieztatzen dute, bertan azaltzen baitira Maltako Indar Armatuetako (AFM) irudiak. Alarm Phonek Gobernuari galdetu dio ea indar armatuek erabilitako prozedurak ohikoak diren herrialdean, eta ea Italiako agintariak migratzaileen egoeraren jakinaren gainean jarri zituzten.

Italiako kostazainek adierazi dute Maltak ez ziela ezer adierazi. Maltako Gobernuak ez du erantzunik eman momentuz.