Maliko miltar matxinatu talde batek herrialdeko instituzioak desegin eta konstituzioa bertan behera utzi duela jakinarazi du. National Committee for the Restoration of Democracy and State izena hartuz, Amadou Toumani presidentearen agintearekin bukatu eta bere jauregia hartu dutela esan dute militarrek, estatuko telebistan irakurritako ohar batean. Azaldu dutenez, urtarrilean herrialdearen iparraldean hasitako tuaregen altxatzearen aurrean gobernuak izan duen jarrera "inkonpetenteak" bultzatu ditu matxinada hastera.
Izan ere, militarrak gobernuari arma eta munizio gehiago eskatzen aritu dira azken hilabeteetan, Azawadeko Askapen Mugimenduak gidatutako tuareg matxinadari aurre egiteko. Era berean, gobernuak tuaregekin negoziatzen saiatzeak haserretu ditu militarrak.
Askapen mugimendu hori pasa den urtarrilaren 17an hasi zuten tuaregek Maliko iparraldean, zonaldearen independentzia aldarrikatu eta gobernuaren baztertzea salatzeko. Gainera, haien manifestazioen aurka "errepresio itsua" martxan jartzea egotzi izan diote gobernuari.
Baliabide naturalak
Mali Afrikako hirugarren urre ekoizlea da, Hegoafrika eta Ghanaren atzetik. Gainera, herrialdearen iparraldean, istiluak gertatzen ari diren gunean, Frantziak kudeatutako uranio erreserbak daude. Tuaregek uranio mehatzeen eta sortzen dituen irabazien gaineko kontrol gehiago eskatzen diote gobernuari. Era berean, azken urteetan zonalde honetan petrolio eta gas naturala bilatzeko saiakerak izan dira.