argia.eus
INPRIMATU
Maliko presidente berriak Azawadeko tuaregak gerrarekin mehatxatu ditu
  • Dioncounda Traore Maliko behin-behineko presidente izendatu zuten atzo, pasa den martxoaren 22an estatu kolpea eman zuten militarrekin akordio batera iritsi ondoren. Kargu-hartze ekitaldian presidente berriak herrialdearen iparraldean Azawad estatuaren independentzia aldarrikatu duten tuareg matxinatuei mehatxu zuzena bidali zien. "Konponbidea gerra bada, ez dugu zalantzarik izango erabateko gerra hasteko, su-etenik gabeko gerra", adierazi zuen Traorek.

2012ko apirilaren 13a
Dioncounda Traore. Maliko behin-behineko presidente berria.

Tuaregek pasa den urtarrilean hasi zuten askapenerako altxamendu militarra eta herrialdeko krisi politikoa baliatu dute iparraldeko hiri nagusiak (Tombuctu, Gao eta Kidal) kontrolatu eta Azawad estatuaren independentzia aldarrikatzeko.

Presidente berriaren ezarpena Afrika Mendebaldeko Estatuen Komunitate Ekonomikoaren presioaren emaitza izan da. Izan ere, militar matxinatu talde batek estatu kolpea eman zuenetik blokeo diplomatiko eta ekonomiko gogorra ezarri dio elkarteak Maliri. Azken egunetan edukitako elkarrizketetan, kolpistek amnistia ematearen truk onartu dute trantsizio prozesua eta presidente berriaren ezarpena.