Beste aldaketekin batera, frantsesa "lanerako hizkuntza" gisa uztea erabaki dute, eta Maliko hizkuntza nazionalak ofizial bilakatu dituzte, “hizkuntza lokalak sustatzeko”.
Konstituzio berria ekainaren 18an onartu zuten, erreferendumean aldeko %96,91 botoekin. Uztailaren 22an Assimi Goïta Maliko trantsizio presidenteak konstituzio berria ofizial bilakatu du, eta Maliko Laugarren Errepublikari hasiera eman dio.
Hizkuntzaren gaia konstituzioaren zati nabarmenduenetakoa da: Frantsesak ofizialtasuna galdu du, "lan hizkuntza" gisa geratu da, eta Maliko hamairu hizkuntza bilakatu dira herrialdeko hizkuntza ofizialak, bertako hizkuntza "indartzeko eta sustatzeko" helburuarekin. TRT Afrikak jaso duen moduan, aldaketa hau Mendebaldeko Afrikan Frantziaren kontrako sentimenduak hazten ari diren momentuan hartu da, Frantziar Estatuak Afrikan izan duen “interferentzia politiko eta militarraren” ondorioz.