argia.eus
INPRIMATU
Malerreka, Bera eta Leitzako taldeek jokatuko dute finala Lizarran
  • Goizuetan eta Jauntsaratsen urriaren 2an egindako finalaurrekoetan, sailkapena eskuratu dute Malerrekako "Bertsonautak" eta Berako "Lamixene" taldeek, hurrenez hurren. Haiekin batera, Leitzako "Atekaberts komeni" taldea ere izanen da urriaren 17an Lizarran jokatuko den finalean.

Bertsozale.eus @bertsozale 2020ko urriaren 05
Malerrekako "Bertsonautak" Goizuetan kantari. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Pandemiak eragindako zazpi hilabetetako etenaren ostean, urriaren 2an jokatu ziren jokatzeke gelditzen ziren Bardoetako bi finalaurrekoak, Goizuetan eta Jauntsaratsen. Behin bi saio horiek eginda, argitu da urriaren 17an, Lizarran, finalean ariko diren taldeen zerrenda: Leitzako "Atekaberts komeni" taldeari –lehendik sailkatua– Malerrekako "Bertsonautak" eta Berako "Lamixene" taldeak gehitu zaizkie.

Goizuetan, udaletxeko ganbaran jokatu zen finalaurrekoetako bat. Aforoa murriztuta eta aulkien artean distantzia utzita ere, 60 lagun inguruk jarraitu zuten saioa bertatik bertara, giro onean. Parean izan ziren Lesakako "Arranopola" eta Malerrekako "Bertsonautak" taldeko bertsolariak: Eneko Fernandez, Erika Lagoma, Etxahun Azkarraga eta Josu Sanjurjo lesakarren taldean, eta Alazne Untxalo, Egoitz Gorosterrazu eta Iker Gorosterrazu Malerrekakoan. Estitxu Arozena gai-jartzailearen aginduetara aritu ziren kantuan. Joaneko saioan, otsailean Anizen jokatutakoan, garaipena eskuratu zuten "Bertsonautak" taldekoek, eta beste horrenbeste egin zuten atzo, finalerako sailkapena ziurtatuz.  

Jauntsaratsen izan zen egun berean beste finalaurrekoa, Apeztegiberriko ganbaran. Han ere bermatu ziren segurtasun neurri guztiak, eta 50 lagunen aurrean kantatu zuten Berako "Lamixene" eta Barañaingo "Hego Haizea" taldekoek. Beratarren partetik, Aitor Elexpuru, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo aritu ziren bertsotan. Barañaindarren aldetik, berriz, Ainara Ieregi, Ander Baiano, Endika Legarra, Iñigo Aranguren "Pika" eta Sahats Aleman. Gai-jartzaile lanetan Ainhoa Larretxea aritu zen. Beratarrek irabazia zuten joaneko saioa, martxoan Tafallan egindakoa, eta atzo ere nagusitu ziren, finalerako txartela berretsiz.

Finala urriaren 17an Lizarran

Horrenbestez, argitu da urriaren 17ko finalean ariko diren taldeen zerrenda. Leitzako "Atekaberts komeni" taldeak lehendik zuen sailkapena ziurtatua, pandemiaren aurretik jokatu baitzuen bere sailkapen kanporaketa. Orain, zehaztu dira beste bi talde finalistak ere.

Lizarrako Ikastolan eginen da finala, segurtasun eta osasun prebentziorako neurri guztiak bermatuta. Urriaren 17an izanen da, 17:00etan. Sarrerak salgai daude honezkero, www.bertsosarrerak.eus atarian online, eta fisikoki, Lizarra Ikastolan bertan.