argia.eus
INPRIMATU
Malariaren aurkako txertoa: nola eragingo du urtero 240.000 haur hiltzen dituen gaixotasunaren kontrako borrokan?
  • Osasunaren Munduko Erakundeak malariaren kontrako lehen txertoari baimena eman dio asteazken honetan.  Haurren osasunerako pauso oso garrantzitsutzat jo dute munduko aditu eta erakunde askotako ordezkariek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko urriaren 07a
Afrikako hainbat herrialdeetan egindako programa pilotu batean probatu dute txertoa (argazkia MOE)

Urtero dozenaka milaka haur hiltzen dituen paludismoa erradikatzeko pauso oso garrantzitsutzat hartu dute malariaren kontrako txertoa. Afrikan, adibidez, 260.000 hildako eragiten ditu eta mundu osoan 400.000 inguru, horietatik 240.000 haurrak.

Momentu “historikoa” dela ziurtatu du asteazken honetan Ginebran egindako aurkezpenean Osasunaren Munduko Erakundeko (OME) Tedros Adhanom Ghebreyesusek, eta urtero “milaka gazteren bizitza salbatuko” duela. “Denbora asko daramagu paludismoaren kontrako txerto eraginkor baten zain eta orain, lehen aldiz, halako txerto bat daukagu, erabilera orokorrerako gomendatua”.

Zehazki, OMEk gomendatu du txerto hori erabiltzea Saharaz azpiko Afrikako haurren artean, Plasmodium falcicarium parasitoaren transmisio ertain edo altua dagoen tokietan. Parasito hori eltxoen bidez igarotzen da. Txertoa GlaxoSmithKline farmazeutikak egin du, Erresuma Batuko Brentforden egoitza duen multinazional kotizatua. Mosquirix izango da bere izen komertziala.

Azaldu dutenez, 2019an froga fasean izan zuten Ghana, Kenya eta Malawin, eltxoen kontrako oihalen azpian lo egiten ez zuten haurren %90i emanda, eta emaitza nagusiena da heriotza eragiten duten kasu larrien %30eko gutxitzea ekarri duela. OMEren txostenaren arabera, txertoa “errentagarria da” eta produzitzeko eta kontserbatzeko erraza. Lau dosi behar ditu eraginkortasun hori lortzeko.

Desberdintasunari lotutako gaixotasuna

Afrikako erdialdeko eta hegoaldeko herrialdeetan haurren hilkortasun tasa handiaren arrazoi nagusietako bat izaten segitzen du malariak, eta Amerikan ere oso zabalduta dago –europarrek lurralde hura konkistatzera joatean eraman zuten–. Europa, baina, 2016an “malariatik libre” deklaratu zuen OMEk.

Europako hegoaldean endemikoa izan zen denbora luzez eta XX. mendera arte paludismoa jasaten zuten biztanleak ez ziren gutxi, hezegune inguruetako herriak husteraino. Intsektizida arriskutsuen erabileraren ondorioz erradikatzea lortu bazen ere, 90eko hamarkadan berriro zabaldu zen. Nolanahi ere, gaur egun kasik ez da kasurik atzematen, prebentzio neurriei esker.

Eltxoen kontrako oihalak edo 'moskiterak' izan dira azken hogei urteotako tresnarik eraginkorrena malariaren transmisioa saihesteko, baina herritar askok ez dute hori lortzeko baliabiderik (argazkia: OME)

Hala, malariak eragindako heriotza gehienak desberdintasunaren ondorio direla dela diote askok. Izan ere, oinarrizko formazio eta prebentzio neurri batzuk hartuz gero, saihestu daiteke, baina baliabiderik ez duten eta bizi-baldintza kaskarretan bizi diren Afrikako herritar askorentzat ezinezkoa da hori. Malariaren Munduko Programaren zuzendari den Pedro Alonso mediku madrildarrak berak aitortua du: “Hiltzen direnak pobreak dira, desberdintasunari loturiko gaixotasuna da, oinarrizko tresna batzuetara sarbiderik ez duen jendea da hiltzen dena, intsektizida batekin igurtzitako moskitera bat kasu”.

Hogei urte dira 2000. urtean eltxoen kontrako oihalak erabiltzeko programa masiboak hasi zirela Afrikan, eta malariaren transmisioa hein batean eragoztea lortu baduten ere, herritar guztiengana iristeko zailtasunen ondorioz, oraindik etxe askotako amesgaizto dira parasito hilgarria dakarkien intsektu hegalariak. Horregatik, OMEk onartutako txertoa berri pozgarria da gaixotasunaren kontrako borrokan dihardutenentzat.