argia.eus
INPRIMATU
Malandain Balletak irekiko du Miarritzeko ‘Maitaldia’
  • Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdiaren 23. edizioa irailaren 6tik 15era bitartean egingo da. Parte hartuko duten 30 konpainien artean Olivier Dubois, Fêtes Galantes eta egitaraua irekiko duen Malandain Balleta daude.

ARGIA @argia 2013ko abuztuaren 27a

Jaialdia Donostian aurkeztu dute, herritarrak Miarritzera gertura daitezen animatzeko. Eloixa Ospital Biarritz Kultura elkarteko ordezkariaren hitzetan, Donostia inguruan bada dantza gustuko duen publikoa eta "pena da gehiago ez animatzea". Dioenez, "landu beharreko kontuen artean dago hori".

Egitaraua Malandain Balletaren Errauskine ikuskizunak irekiko du. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean egindako obra Gare du Midi aretoan izango da ikusgai irailaren 6an.

Gare du Midi aretoak hainbat ikuskizun jasoko ditu, baita Kasinoak eta Koliseoak ere. Bestalde, kalean doako emanaldiak eskainiko dituzte dantza konpainiek eta erakusketak, ikastaroak eta bestelako ekitaldiak ere izango dira irailaren 15era bitartean.

Sarrerak Letempsdaimer.com webgunean daude salgai. Langabetu eta ikasleek 12 euro ordaindu beharko dituzte emanaldi bakoitzeko. Gainerakoek hainbat bonu izango dituzte aukeran: bi ikuskizun 40 eurotan, lau 60 eurotan, sei 84 eurotan eta hamar 120 eurotan.

Egitarau osoa (pdf).