Manifestazio garrantzitsuak dituzte antolaturik dinamikaren oinarrian diren eragile eta herritarrek: apirilaren 22an Iruñean eta maiatzaren 20an Gasteizen.
"Lurraldearen defentsan indarrak biltzeko" eta "mobilizazio indartsuagoak egiteko" asmoz finkatu dute otsailaren 25eko hitzordua Ziordian. Euskal Herrian abiaturiko edota abiatzekotan diren makroproiektuen aurkako dinamikaz hausnartzeko batzarra antolatzen ari dira hainbat eragile (besteak beste, Arabako Mendiak Aske plataforma eta Erdiz Bizirik).
Ondokoa irakurri dezakegu hitzordurako deialdian: "Ekimen hau Euskal Herriko hainbat txokotako pertsona eta taldeen arteko elkarlana eta indar-batuketa sustatzeko helduleku bat izatea proposatzen dute, proiektu horiek gelditzeko herriz herri egiten ari diren borrokei mobilizazio dinamika orokor batez bultzada berri bat emateko". AHTa, urtegiak, meategiak, autopistak, "energia berdearen" izenean garaturiko parke eolikoak zein autopista elektrikoa... Euskal Herrian diren makroproiektuen zerrenda luzea eta askotarikoa da.
Ziordiako Amarauna Gune Autogestionatuan izango da batzarra, 11:00etatik aitzina.
Eragiteko asmoz, bi manifestazio garrantzitsu dituzte aurreikusirik: apirilaren 22an Iruñean eta maiatzaren 20an Gasteizen.
Iruñean iraganen den manifestaziorako giroa berotzeko solasaldiak antolatu nahi ditu Erdiz Bizirik kolektiboak. Apirilaren 22a Landa Eremuaren Nazioarteko Eguna da, eta landa eremutik hirira abiatuko dira, Magna Magnesitas Navarra enpresak Baztango Erdizen nahiko lukeen meategiaren aurkako ahotsa entzunarazteko, baita "Nafarroako Gobernuaren zitalkeria" salatzeko ere.
Otsailaren 23tik apirilaren 5era eramanen dute informazio-kanpaina eta hitzaldi bat antolatu nahi duen oro jar daiteke Erdiz Bizirik taldearekin harremanean.