argia.eus
INPRIMATU
Make ikatza great again: Trumpen apustu energetikoari klima aldaketa bost axola
  • Donald Trump AEBetako lehendakariak dekretu bat sinatu berri du energia ekoizpena eta herrialdea berriz ere aberastea lehenetsi, eta aldaketa klimatikoaren kontrako politikak baztertzeko.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 30a
Donald Trump dekretua sinatzen.

Paradoxikoki, Ingurumenaren Babeserako Agentziaren egoitzan eman du dekretuaren berri. “Iraultza energetiko berria” egin nahi duela adierazi du Trumpek, eta horretarako energia ekoizpen nazionala berrindartu eta atzerriarekiko menpekotasuna murriztu nahi ditu. Agintariaren ustetan, “AEB aberatsaren itzulera” ekarriko du horrek.

Erabakiak ikatzaren industriari eragiten dio batez ere, hura liberalizatu eta berpizteko asmoa baitu Trumpek. Bere esanetan, gobernuaren gehiegizko esku-hartzea ezabatuko du, eta ikatz meatzariek lanpostuak sortu ahal izango dituzte aurrera egiteko. Bere hauteskunde kanpainan ikatz industria berpizteko konpromisoa hartu zuen.

Baina industria kutsatzaileak berrindartzeaz haratago, aldaketa klimatikoa geldiarazteko politika gutxienekoak ere mugatu ditu Trumpek. Esaterako, zentral elektrikoak gas naturalarekin eta eguzki energia eta eolikoarekin ordezkatzeko plana berrikusteko agindu du. Gainera, ingurumenari eragiten dieten gobernu federalak hartutako erabakietan klima aldaketa kontuan hartzeko beharra baliogabetzen du.