argia.eus
INPRIMATU
Makarenko eta ukabilkada
  • 1957an egin zen Sao Pauloko Nazioarteko Eskulturaren IV Bienalean hamar lan aurkeztu behar zituen artista bakoitzak. Jorge Oteizak ordea, 28 eraman zituen: “Eskatu zenizkidaten hamar eskulturekin hemen egotea imajinatu dut nire burua. Egiatan, bat baino ez da. Pentsamendu bakarra Estatua proiektatzeko, espazioaren desokupazio aktibo gisa, unitate formal irekien arteko fusioagatik”.

Xalba Ramirez @xalbaram 2019ko abenduaren 10
Argazkia: Amaia Oca

Pelax taldeko kideek ere, streaming kulturak ekartzen dituen utzikerien eta errazkerien kontra, formatu bera bihurtu dute artelan. A eta B kantuz osaturiko 20 minutu inguruko bi piezako lana argitaratu dute udaberrian, ondoren D eta E aldeekin aurreko lanari osotasuna emanez. Oteizak egin bezala, ordea, artelan bakar baten gisara hartu behar dugu. Disko bikoitza baino, disko bakar baten bi urrats izan ditugu hemen.

Eta urtea borobil amaitu dute: kontzertua amaitu eta eskuak apurtu arte zutiaraziz zaleak. Horren alde zuten plaza; Egiako Gazteszenan, sarrera denak agortuta, gertatutakoa berezia izango zela bazekiten 300 bat lagunen aurrean.

Urte bereziak amaiera berezia behar. Entzuleak eserita eta ohiko lau taldekideez gain oholtzan zen Telmo Trenor beat-maker ezaguna sintetizagailu eta samplerrekin jolasteko. Beste aldean Nagore Legarreta eta Iñaki Rifaterra artistek, pintura eta argazki proiekzioen bidez inprobisatutako artelana egin zuten: kantuekin batera aldatzen zen artelana. Uneren batean gehiago gustatuko zitzaizun, ostean gutxiago. Etengabeko garapen inprobisatuak hori dakar, “ahaztu zenekiena, gozatu oraina”.

Gaua borobiltzeko Malen Otxoaren bideoa ikusteko aukera izan zen. Urte osoan taldearen irudiak batu ditu Otxoak, lokalean, estudioan, furgonetan, kontzertuetara bidean... dena ez baitira argiak eta txaloak. Atzetik dagoen lana ederki aurkeztu zen. Entzun genuenez Otxoaren lehen lana izan zen, baina espero dugu azkena ez izatea.

Eta guztiaren gainetik musika. Lokalean orduak eta orduak eman dituen boskoteak egurra eman zuen, baita ondo eman ere; dena maisuki jota, indartsu eta detailez josia, ia geratu gabe, King Crimsomen 21st Century Schizoid Man-en bertsioa barne. Jaione Dagdrømmerrek ondo adierazi bezala, boxeo zelai batera bezala atera ziren denak, borroka egin eta irabazteko prest. Aspaldi ez dela horrelakorik ikusi underground eszenan.

“Ez zenuen Makarenkoren berririk izan ukabilkada jaso arte”, abestuz bukatu zuten. Datozen urteetarako poema pedagogiko ederra ari dira sortzen Pelaxtarrak. Eta ukabilkada mordoxka bat ere, gauzak beste manera batean egitea beharrezkoa izateaz gain posible ere badela erakutsiz. Eta puskaz desiragarriagoa ere.

Amaia Ocaren argazkiak: