argia.eus
INPRIMATU
Majarenasen alabaren erasotzaileak libre jarraituko duela salatzeko elkarretaratzea deitu dute Donostian
  • Duela bi urte Sara Majarenasen alaba Izar hiltzen saiatu zen gizona libre da otsailaren 15etik. Asteazken honetako bistan, Majarenasen eta alabaren defentsak eskatu du epaiketara arte gizona kartzelan mantentzeko, jakinik gainera erasotzaileak aitortu egin duela erasoa eta zigortu egingo dutela. Epaileak ordea ebatzi du aske segi dezakeela eta protesta-elkarretaratzea deitu du Donostian Sara Izarrekin plataformak, ostegun arratsalderako.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 21a

Majarenas eskumuturrarekin

Hau ez da justizia lelopean, Donostiako epaitegiaren aurrean egingo dute protesta, 18:30ean. Erasotzaileak espetxetik kanpo jarraituko du, eta bitartean, hark bakarrik ez, Majarenasek eta alabak hainbat neurri jasan beharko dituzte: zaintzapean egon beharko dute hemendik aurrera, kontrol telematikoko eskumuturrekin, eta Izarren mugimenduez informatu beharko dio amak Ertzaintzari.

Sara Majarenasen defentsak ez du ulertzen epailearen erabakia, ezta ere nolatan ez duen fiskalak behin-behineko espetxealdia eskatu.

Stytianos Messinezisek bi labankada eman zizkion 2 urteko Izarri bizkarrean 2017ko urtarrilean. Berak aitortu zuen alabari egindakoa bere burua polizia-etxean aurkeztu zuenean. Alaba hil zuela adierazi zuen, baina anbulantziak eta polizia bere etxea joandakoan, Izar larri baina bizirik zen. Ospitalean operatu ostean, larri egon zen zainketa intentsiboetako unitatean.