argia.eus
INPRIMATU
Maizterrei mikrokredituak, moratoria, 900 euroko laguntzak... hauek dira Sánchezen gobernuaren neurriak
  • Alokairuen inguruko auzia konpontzeko neurriak adosten ari dira Espainiako koalizio gobernu barruan, astearte honetako Ministroen Kontseiluaren atarian. Besteak beste interesik gabeko eta epe luzean itzuli beharreko mikrokredituak eskaini nahi dituzte. Maizterren sindikatuek diote horrek gehiago zorpetzera eramango dituztela.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 31
Kataluniako maizterren protesta, alokairu duina eskatzeko (arg: Sindicat de LLogateres)

Alokairuaren grebaren bezperan, badirudi adostasunera iritsi direla espainiar exekutiboan, maizterrei zein laguntzeko bideratu beharraren inguruan.  El Diario.es atariak aurreratu ditu horietako batzuk, barruko iturri ofizialak aipatuta. Eztabaida izan dute etxebizitza jabeen artean bereizketa egin ala ez erabakitzerakoan, baina azkenean etxejabe handiek %50eko kitapena egin beharko dute kobratzen dituzten errentetan.

Etxejabeen %85ak alokairu bakarra edo gehienez bi kobratzen ditu Espainiako Estatuan. Koronabirusak sorturiko egoera ekonomikoaren kalteak jasaten egon daitezke hauek ere eta hori kontuan eduki dute neurriak hartzerakoan.

Hauek dira neurrietako batzuk: alokairua ordaintzen ez dutenak ezin izango dira etxegabetu; alokairu kontratuen sei hilabeteko luzapena –tarte horretan ezin izango dira alokairuen prezioak igo–; egoera zaurgarrian daudenentzako mikrokredituak, inongo interesik gabe eta sei urtera itzuli beharrekoak; Estatuak 900 euro arteko laguntzak emango ditu mikrokreditu horiek ordaintzeko, baldintza zehatz batzuekin...

Neurriek etxejabeei ere eragiten die. Zortzi etxebizitza baino gehiago dituztenek eta inbertsio funtsek lau hilabete moratoria eskaini beharko dute eta diru hori itzultzeko adostasunik ez balego %50eko kitapena izango lukete maizterrek.

Denera, Espainiako Gobernuak 700 milioi euro bideratuko ditu laguntzetan, Jose Luis Abalos Garraio eta Mugikortasun ministroak proposatu duenez.

Maizterrak: "Gehiago zorpetuko gaitu"

Maizterren sindikatuek onartu dute pauso bat direla neurri horiek, Ministroen Kontseiluak onartzen baditu behinik behin, eta "presio soziala" eragina izaten ari dela. Baina hala ere, mikrokredituetan sartzeak edo moratoriak are gehiago zorpetuko dituela uste dute, zulo ekonomikoan sartuko baitira.

Horregatik, alokairuen grebarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute, apirilaren 1etik aurrera, eta alokairuen kobraketa "bertan behera" uzteko eskatu dute.