argia.eus
INPRIMATU
Maízek ordezkari sindikalei esan zien “txertatzen azkena” izango zela txertoa jada jarrita zuenean
  • Basurtuko Ospitaleko ESK sindikatuko bozeramaileak adierazi du Maíz zuzendariak hori esan ziela sindikatuen ordezkariei bilera batean. Sindikatuek susmoa dute goi kargu gehiagok hartu dutela txertoa.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 25

Bilbo-Basurtuko ESIko ESK sindikatuko ordezkari Gustavo Pastorrek egin du salaketa, Radio Bilbao-n egindako elkarrizketa batean. Pastorrek ziurtatu du zuzendari ohiak adierazi ziela bera izango zela “txertatzen azkena”. Gerora jakin dutenez, ordea, hamar egun lehenago jarri zuen ezkutuan txertoaren lehen dosia. Maízekin batera Santa Marina ospitaleko zuzendari José Luis Sabasek ere eman zuen dimisioa egun berean eta arrazoi berdinagatik. Bien jokabidea zuritu nahian zabaldu diren mezuez ere hitz egin du Pastorrek: "Komunikabideen bidez saldu digute egoitzetako dosi soberakinak zirela, baina dosi horiek soberan bazeuden, eta arazoa garraioa izan bazitekeen, birusaren aurkako borrokan lehen lerroan dabiltzanei abisatu ziezaieketen, egoitza jakin batzuetara joan zitezen txertoa jartzera".

Kasu gehiagoren susmoa

Ospitaleko sindikatuek susmoa adierazi dute, goi kargu gehiagok ere ezkutuan hartu dutela txertoa. “Kontuan hartuta txertaketa prozesua gure ospitaleko Lan Osasuneko unitateko buruak kudeatu duela eta LABIko kidea ere badela [Ana Collazos], uste dugu pertsona gehiago egon daitezkeela txertatuta". ELA Osakidetzako arduradun Esther Saavedrak susmoa beste osasun zentro batzuetara hedatu zuen larunbatean Euskadi Irratian, esanez uste dutela "txertaketa-irizpideak eta protokoloa ez direla behar bezala bete". Gaineratu zuen informazioa eskuratzea “oso zaila” egiten ari zaiela.