argia.eus
INPRIMATU
Maixan Arbelbide militante feminista heletarra hil da
  • 91 urte zituela, urriaren 27an hil da Heletan jaio eta Baionan bizi zen militante feminista, abertzalea eta ekologista. Ehorzketa urriaren 30ean izango da Heletako elizan.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 28a
Maixan Arbelbide heletarra urriaren 27an hil da Baionan. Berria CC BY-SA 4.0

Nora Arbelbide ilobak kazeta.eus eta Berria hedabideei hitz egin die bere izebari buruz. Berria-ri adierazi dio bere izebak bizitzan zehar emazte izateagatik arazoak izan dituela, errepresioa jasan duela, eta “beti ukan du bururaino borrokatzeko indarra”. Gehitu du injustiziaren kontra haserretzen zela eta haserre hori ekintza bilakatzen zuela.

Bizitza osoa militatzen

14 urterekin serora sartu zen eta emazteen gaia gertutik jarraitzeko aukera izan zuen. Berria egunkariak jaso duenez, elizan aritzen ziren emakumeen bizi baldintzak hobetzeko sindikatu baten sorreran parte hartu zuen, nahiz eta ez zuten abian jartzea lortu.

Serora izateari utzi eta 600 langileko zapata fabrika batean lanean hasi zen. Lana galdu zuen greba batean parte hartu zuelako.

Frantziako Estatuan barna 30 urte egin zituen Arbelbidek eta beti militatu zuen feminismoan. PAF eta Emazteek diote talde feministetan aritu zen. Ama feminista zuen eta hortik zetorkion emakumeen eskubideak aldarrikatzeko grina. Haren ilobak eta militantzia lagunek azaldu dutenez, bukaeraraino jarraitu du emakumeen eskubideen defentsan, eta etxetik ateratzeko zailtasunak tarteko, Interneten bilatutako informazioa helarazten zien militante kideei.

Abertzalea eta ekologista ere izan da Maixan Arbelbide. Abertzaleen Batasuneko kidea izan zen, baita Bizi! mugimenduaren sortzaileetako bat ere.

Ehorzketa urriaren 30ean izango da Heletako elizan, 15:00etan. Asteartez eta asteazken goizez hilbeila egongo da Hazparneko hil etxean.