argia.eus
INPRIMATU
Maite Iturbe izango da EITBko zuzendari nagusia
  • Maite Iturbe arrasatearra izango da EITBko zuzendari nagusi berria, EAJk eta PSE-EEk hala adostuta. 1991tik EiTBko produkzio burua da Iturbe, eta Miramongo egoitzaren zuzendaria 1999az geroztik.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 05a
Maite Iturbe (Argazkia: EITB)

Jaurlaritzak aste honetako gobernu bileran onartuko du Iturberen hautagaitza, eta proposamena Eusko Legebiltzarrera eramango du gero. EAJren eta PSE-EEren botoak nahikoa izango dira izendapena onartzeko.

PSE-EEk ohar batean adierazi du akordioa "aniztasunarekiko, demokraziarekiko eta euskararen hedapenarekiko"  konpromisoaren parte dela, EITBk plazaratu duenez. "Herritarrekiko zerbitzu publikoa, profesionaltasuna, aniztasunaren eta balore demokratikoen errespetua eta hedapena, eta Euskadin egiten den kulturaren eta euskararen hedapena" ardatz izango dituztela gaineratu du alderdi sozialistak.

EH Bilduk, bestalde, hautagaiaren izena hedabideen bidez ezagutu izana kritikatu du. Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkidea kexu agertu da, Legebiltzarrak ez duelako aukera baliatu EITBren ereduari buruzko eztabaida sustatzeko.

Mikel Agirrek karguari uko egin eta PSEk Jaime Otamendiren hautagaitza atzera bota ostean proposatu dute sozialistek eta jeltzaleek Maite Iturberen izena.

EITBko produkzio burua

Maite Iturbe Arrasaten jaio zen 1959an. ETEO-Mondragon Unibertsitatean eta EHUn lizentziatua, Enpresa Zuzendaritza masterra egin zuen. 1981etik 1984ra Jaurlaritzan aritu zen lanean, Euskara Sailburuordetzan lehenengo eta Hezkuntza Sailean gero.

1984az geroztik ari da EITBn lanean. 1991n Produkzio Zuzendari izendatu zuten, eta 1999tik Miramongo egoitzaren zuzendaria ere bada. ETBko Zuzendaritza taldeko eta Programa komisioko kidea da.