argia.eus
INPRIMATU
Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun
  • Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2024ko urtarrilaren 22a
Maite Idirin 2006an. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA.

Asteartez egun osoan eta asteazkenean 10:00ak arte bisitak hartuko ditu familiak Angeluko funerariumean (Chrysantèmes bidea 9, Angelu). Ehorzketa meza Angeluko Saint Leon elizan izango da, asteazkenean, goizeko 10:30ean.

Kantagintzari eta liburugintzari emana

2006an, Miel Anjel Elustondok hari egindako elkarrizketan paratutako soslaia: Maite Idirin (Ugao, 1943). Kantaria. Gaztetan, gerra osteko abertzaleen gora nahiak jo zuen, dantza-taldean eta koruan. Musika zaletasunak eraman zuen kantu mundura, gitarra eta poema batzuk, onak, lagun harturik. 1968an hasi zen herriz herri kantari baina 1969an ihes egin behar izan zuen Baionara lehenengo eta Parisa gero. Auzo latineko Candelaria kafe-antzokian kantatuz atera zuen bizimodua. Soziologia ikasi zuen Vincennesen. Jokin Apalategi egin zuen senar. Ikasketak bukatu eta itzuli ziren Baionara, artean errefuxiatu. Baionako Zabal liburu denda ireki zuten eta kontserbatorioan ikasten hasi zen, ordurako bizpahiru disko txiki eta luze bat (Aitaren etxea) grabatuta zituela. Ahizpatasuna izeneko diskoa grabatu zuen gero baina musika klasikoaren bidetik jo zuen ondoren. Euskal musika klasikoa kantatu eta grabatu zuen. Euskadi Irratian musika klasikoari buruzko irratsaioa egin zuen.

 

1989ko Euskal Kantu Txapelketan. Ezkerretik eskuinera: Eñaut Larralde, Koldo Pastor, Maite Idirin, Ibai Rekondo eta Ruperto Lekue. Argazkia: Gorka / ARGIA.

Paristarrei euskaraz kantuan

ARGIAren artxiboan Idirini egindako hiru elkarrizketa aurkitu ditugu, 1971koa zaharrena eta 2005ekoa berriena.

Iñaki Beobide euskal kulturgile hilberriak egin zion 1971ko elkarrizketa. Euskal Kantari Bat Parisen, jarri zion izenburu  elkarrizketari. Baionatik Parisa alde eginda, haren bizimoduaz eta abeslari lanetan nola ari den galdetu zion. Ordurako disko bat argitaratua zuen eta beste bi bidean ziren. Paristarrentzat nola kantatzen zuen eta euskal herritarrei zer opa zien horrela kontatu zuen:

“Kantu horiek [euskal kanta zaharrak], gehienbat, kanpoko jendearen pozgarrirako abesten ditut, herritarrei diska bidez eskeintzen dizkiet, besterik eziñean. Horiek dira nik egiaz maite ditudan abestiak eta herriak laster entzun ahal izango ditu nere azken kantu berriak”.

Beobidek paristarrei euskaraz kantatzeaz galdetu zion, eta hala erantzun Idirinek: “Artista ona baldin bada, ez da, ez, oztopo. Artista behar da izan, pertsonalitatea eduki, zerbait eman kantuaren bidez”.

Emakumeen iraultza eta euskal iraultza, batera ala bereizita?

1978ko elkarrizketan, kantagintzaz mintzatu ziren elkarrizketatua eta elkarrizketatzailea, baina azpimarra berezia egiten dute emakumeen eta gizonen arteko parekidetasun gabeziaz. Elkarrizketatzailea Ermiñe Madariaga da, zeinak garai hartan artikuluak Kukusu ezinez sinatzen zituen. Galdera honekin hasten da elkarrizketa: “Galdezka hau egiten badizugu, Euskal-Herriko abeslari bat zarelako da, bainan baita ere emakume abeslari zarelako, eta emakume frankok ez duenez abesten, zure ustez zergatik den hori jakin nahi genuke?". Eta horrela erantzuna: “Nere ustez abestian emakumezkoak gizonezkoak baino gutiago izateak badu zerikusirik beste ofizio edo langintzetan gertatzen denarekin. Ez da emakumezkoa prestatu, bultzatu profesio batetara. Ez da plazarazten gizona bezala”.

Argazkia: ARGIA CC BY-SA

Elkarrizketan, nabaria da Idirinek emakumeen askapenaz eta eskubideez duen kontzientzia eta elkarrizketatzaileak gai horretatik tira egin zion. Madariagak galdetu zion ea emazteen iraultza eta Euskadiren iraultza elkarrekin ala berezirik zihoazen. Gogoeta mardula eskaini zion Idirinek Madariagari:

“Badirudi binomio bat sortzen dela euskal eta emazte iraultzen artean. Neretzako iraultza bakarra da. Euskal iraultzan emakumearen iraultza sartzen da. Eta euskal iraultzan emakumeak deretxo berdinak ez badituzte eta libreak gertatzen ez badira, ez da benetazko iraultza izango. Gaurdaino euskal iraultza gizonezkoena dela esan liteke. Emazteok zer egiten dugu? Era batean hori horrela dadin lagundu. Neretzako emakumezkoek paper haundi bat dute euskal iraultzan. Ez dago akzio espektakularrik egin beharrik. Horretan ere gizonezkoen eskemak barruraino sartuta dauzkagu tamalez. Akzio espektakularra bakarrik iraultzaile dela onhartzen [sic] bada, galduak gara. Neretzako eguneroko lana hori bezain iraultzailea da. Eguneroko bizia da aldatu behar dena, hesteak ideiak dira, oso urrun daude. Euskal iraultza oso urrun dago. Helmugak oso urruti daude eta beharbada, ideietan ditugun bezala ez ditugu sekula errealitatean ere izango. Neretzako bidea da garrantzizkoa. Heltzea utopikoa da. Bidean iraultza egiten ez badugu, ez gara helduko nahi dugun lekura. Beharbada, honetan dago gizonen eta emazteen arteko kontraizaera: gizonezkoentzat iraultza poderea hartzea denean, emakumezkoentzat beren idatziak idertzen baditugu, poderea deuseztea eta ukatzea dela, jabetuko gara”.

Azken elkarrizketa Miel Anjel Elustondok 2006ko urrian egindakoa da: "Emeki-emeki nire baitan aldatu egin zen musika egiteko manera".