argia.eus
INPRIMATU
Maite duzunaren bizkar
  • Elorriotik deitu zidan lehengo batean irratira saioko partaide batek, okaran bat txertatu nahi zuela. Lana noiz egin jakin nahi zuen, baina baita elorria zuela eta ea mentuoin egokia ote zen okaranarentzako. Zer elorri zuen galdetu nion, zuria ala beltza. Biak, erantzuna. Eta nik elorri beltzean txertatzeko, okarana basaranean. Genetikoki hurbilagokoak dira eta txertatutako mentua oinaren gainean errazago itsatsiko da. Biak Prunus generokoak dira, okarana Prunus domestica eta elorri beltza Prunus spinosa. Elorri zuria, aldiz, beste genero batekoa da, Crataegus, familian urrunagokoa eta espezie zabalduena Crataegus monogyna da. Esan nion hobe zuela elorri zurian txertatzeko lanik ez hartzea, elorri zuriak ez zuela okaranaren mentua maitatuko. Politak entzun behar izan ditut, bada, kalean "maitatu" horrengatik. Nola maitatu elorriak? Zer arraiokeria den hori!

Jakoba Errekondo 2024ko urtarrilaren 22a
Platanoak eta makalak. Nabarmenak dira zein diren makalak, mihura maite dutenak. Argazkia: Jakoba Errekondo / ARGIA-CC-BY-SA

Landareek maitatu ezin izango balute bezala… Baina maitasuna ez al da bada horixe? Maita batzuk eta beste batzuk ez. Geuk bezalaxe. Amak sekula miaztu gabeko sasiardia bezala botako luke elorri zuriak okaranondoaren mentua, ez du maitatuko.

Landareen arteko maitasunak historia luzea du. Adibide ugari dago, baina orain zuhaitz eta arbola biluzietan hain garbi ikusten den mihura (Viscum album) borobilaren maitasunen historia luze-zabal ederrekoa da.

Zuhaitz eta arbola askok mihura maite dute, eta haien adarretan sustraiak bermatzen ditu eta ezartzen da. Sustrai horiek ostatatzailearen izerdia zurrupatuko dute, haren bizkar bizitzeko. Badakizu, maitasuna ematea da, eman eta eman; nahiz eta hartzaileak zeu akabatu.

Askoren gainean ikusiko duzu mihura, ehundik gora espezieren bizkarroi dela diote: sagarrondo, udareondo, mizpira, makal, lertxun, sasiakazia, ezki, elorri zuri, sahats eta zume, arbendolondo, lizar, urki, otsolizar, astigar, hurritz, xarma, gaztainondo, gereziondo, intxaurrondo, almez edo basaka eta abar. Haritzen edo zumarren bizkarretan ez duzu berehalakoan topatuko. Aline Raynal-Roques botanikari frantziarrak zioen haritzak hesi kimiko bat eraikitzen duela, mihuraren sustraiak adarrean sartzea eragozteko; haritz oso bakan batzuek gabezia genetiko bat dutela eta hortik apur horietan mihura sartzea. Eta ez omen da inoiz ikusi platanoan edota pagoan.

Gure etxepeko erriberatan errioaren ertzean platanoa oso zabaldua da, eta tarteka makalen bat ere bada. Nabarmenak dira zeintzuk diren makalak, mihura maite dutenak. Platanoak hor bizi dira ageriko maitalerik gabe; beno, ez, oso gustuko dituzte platanoak liztor asiarrek, beren habi erraldoiak maiz ikusiko dituzu platanoaren bizkarretan.

Eta burumaitale ona da, baita ere, mihura: beste mihura bat maita dezake eta haren bizkarrean, bere bizkar, bizkarroi bizi.