argia.eus
INPRIMATU
“Maite dut Iparraldean antzerkia egitea, uste baitut hemen kodeak ulertzen direla”
  • Azkainen aurkeztu du Ander Lipusek bere ibilbide artistikoaren inguruko gogoeta jaso duen liburua: Antzerkiaren labirintoan I. Bigarren partea ere badu liburuak, “antzerkilariei gehiago zuzendurikoa” dena bere esanetan, baina Azkaineko irakurle taldeak lehenbizikoa leitu duenez, horretara mugatu du Lipusek bere hitzaldia. Luze eta zabal mintzatu da astearte iluntzez, publikoarekin biribilean jarrita, Bil Toki espazioan.

    Ziburuko Azokaren atariko Azokaldiaren egitarauaren barruan antolatu da hitzaldia; ekainaren 1ean egingo da Ziburuko Azoka.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko maiatzaren 09a
Azkaineko Bil Toki aretoan aurkeztu du liburua Ander Lipusek, irakurle taldearen aurrean. ARGIA CC BY SA

“Ausartak zarete, zoritxarrez euskara + antzerkia formulak ez baitu batere aurrekari literariorik liburugintzan”, esan du Ander Lipusek hitza hartu eta berehala. Orduantxe entzun dira lehen barre txikiak, handiagotzen eta areagotzen joan direnak ordu eta erdi inguruko hitzaldian. Gaian murgiltzeko, bete-betean jo du diana: “Bertsolariek badituzte bertsolaritzaz idatzitako hamaika liburu; hein batean hori izan dut oinarrian. Oso zaila da, ordea, antzerkiari buruz idaztea, ez bada esperientziatik abiatuta”. Horixe bera egin du liburuan, 50 urteko ibilbideko bizipenak kontatu; lekuei, urteei eta izen-abizenei garrantzia berezia eman die, iraganeko bideek eman baitiote etorkizuneko leihoak irekitzeko aukera. Memoriari errepaso galanta eman dio liburuan.

Adierazi moduan, “ez dago deus idatzirik antzerkiari buruz euskaraz”. Bada libertimenduari buruzko idatzirik, Patxi Urkizuren obra ere aitatu du Lipusek, obrak liburutara eramanda ere argitaratu izan dira... “baina deus”. Horren falta sumatu du Lipusek gazte-gaztetatik, eta horixe da Antzerkiaren labirintoan I liburua harilkatzen duen ideietako bat. 18 urte zituela Madrilera joan zen antzerkia ikastera, eta aitak Konstantin Stanislavskiren Aktore bat prestatu egiten da liburua oparitu zion. Bitxia egin zitzaion antzerkiaren inguruko liburu bat egotea. Harrezkero, antzerkiko “maisu handien” lan mordoa leitu izan ditu.

Madrilera joan baino lehen, aitortu duenez, ezer gutxi zekien antzerkiaz. Antzerkia egin nahi zuela, baina antzerkia zer zen ere ez zekiela. Haurtzaroan hasi zen, Markina-Xemeinen, teatroarekin zerbait saltsatzen; bere esanetan, haur guztien antzera: "Haurra bizi-bizi aritzen da antzerkian; pirata izan nahi du, eraztunak jarri, beste norbait izan... Antzerkia da hori". Liburua eskuartean hartu, zabaldu eta 33. orrian jaso duen Andu Lertxundiren zita bat errezitatu du Lipusek: “Ezaguna da haurrak dendaketan, medikuketan, sukaldeketan, edo gurasoketan jolasteko duten irrika. Murelagan bizi-bizika deitzen omen diote jolas horri, eta ez da sekula izen egokiagorik asmatu antzerkiaren funtsa definitzeko”.

Haurra zen Franco hil zenean, eta herri-antzerkiak, are gehiago euskarazkoak, oso zapalduta zeuden garaiotan. Antzerkirik ez zen iristen bere herrira, baina jardun zuen, ekitean, eta ahalegindu zen Kontxu Odriozola eta beste hainbaten antzezlan bat antolatzen, udalera jo zuen: “Zinegotziak, erantzun gogorra. Teatro, bastante teatro tengo yo en casa”. Politikarientzat antzerkiak ez zuen deus balio; edo gaurko egunez ere ez du deus balio. Susaren webgunean egin dioten elkarrizketan horixe esaten du Lipusek –hain justu ere, bere jaiotzaren mendeurrena bete den astean, Nestor Basterretxeak gauza bera zioen ARGIAn, duela hamabi urte Sustrai Colinak eginiko elkarrizketan–.

Madrilerako bidea

Oso gazte zela, Etxebarrin hasi zen antzerki talde batean. Lehen bakarrizketa garai bertsuan egin zuen, Absurdoari buruzko gogoetak deiturikoa, eta azaldu duenez, horrela demostratu zien ingurukoei gai zela 45 minutu iraunarazteko testua buruz ikasteko. Madrilera joateko ateak horrela zabaldu zituen, baita ilusio handiak ere: “Nire asmoa zen Londresera joatea gero, eta handik Ameriketara, munduko antzerkilari onena izatea”.

Zapuztu zitzaizkion ilusio amerikanoak 25 urteren bueltara heldu zenean, hain justu ere Madrilen ja lanean egonkortuta zegoenean: “Etapa ona izan zen niretzat, asko ikasi nuen, ate asko ireki zitzaizkidan, gauza on asko eman zizkidan, baina ikusi nuen nire bidea hor bukatzen zela, Euskal Herrira itzuli behar nuela, euskaraz egin nahi nuela antzerkia. (...) Titika Rekalti entzun nion noizbait, berak birjinitatea galdu zuela Parisera joan zenean; bada, nik hori Madrilen bizitu dut”.

Markina-Xemeinera itzuli zen, baina ez zuen tokirik bilatu, post-industrial fasean murgilduta zegoen Bilbora joan zen arte. Perfomance-a eta musika techno-a nahasteko garai “punkian” mugitu zela dio Lipusek, euskarak tokirik ez zuen Bilbo batean, eta are leku gutxiago zuten gazteen espazio alternatiboek. Testuinguru horretan etorri ziren Mina espazioaren edota Antzerkiola konpainiaren sorrera. “Euskal Herrira itzuli nintzela argi ikusi nuen hainbeste asanblada egin genituen garai horretan; herri honetan horixe dakigu egiten, asanblada”.

Bilbotik Berrizera

Trama konpainiarekin Bizkaiko herri txikietan herri-antzerkia erakusten zuten Diputazioaren diru-laguntza urriarekin, militantzia handiz, eta Bilboko etapa amaitutzat eman zuen, Berrizen instalatzeko. “Hor hasi nintzen Euskal Herrira gero eta gehiago begiratzen, gogo gehiago sentitzen bainuen transmisioaren zera horretan murgiltzeko”, adierazi du.

Etapa horretan ezagutu zituen Iñaki Etxeleku, Antton Luku, Daniel Landart eta beste hainbat. “Hegoaldean sekula egin ez zizkidaten antzerkiari buruzko galderak egiten zizkidaten!”, esan du barrez Lipusek. Argi ikusi zuen Iparraldean bazegoela herri-antzerkiarekiko beste ulerkera bat, eta aurrez aipaturiko kideei esker eta bide horretan ezagutu zituen Fusch anaien bitartez, gero eta gehiagotan hasi zen gurutzatzen Bidasoa ibaia. “Maite dut Iparraldean antzerkia egitea, uste dudalako hemen kodeak badaudela eta ulertzen dela”.

Horregatik guztiagatik, eta urteotan Bidasoaz gaindi bizitako uneengatik, “gogoangarriak” direla diolako, berezia izan zaio Lipusi liburua Azkainen aurkeztea.

Kulturgileen lan-baldintzak ere hizpide

Liburuan badute edena lan egoerari buruzko mintzagaiek, eta Lipusek mahai gainean jarri ditu une batean zein bestean. Adibide bat ipini du: “Niri ilea mozten didan pertsona, Axut eta Artedrama konpainiakook bezalaxe, Zaballako espetxera joaten da presoei zerbitzua ematera. Nire ile-apaintzaileak kobratzen du presoei ilea mozteagatik; guk, aldiz, dohainik ematen ditugu antzerki klaseak”.

Aitortu du zenbaitetan sortzen zaiola gogoa dena pikutara botatzeko, esaten baita sarri kulturgileek “arrakasta” dutela sari, baina argi dio beren ofizioak ez duela batere antzekotasunik esan den horrekiko. Lipusen hitzetan, egiten duen guztiak zentzua hartzen du “poza” eta “ospakizuna” daudenean, ez bestela. “Baina jakina; honek guztiak funtzionatzeko publikoa behar da, eta ni sumatzen ari naiz gutxitzen ari dela azken urteotan”.