argia.eus
INPRIMATU
Maitasun erromantikoaren kontrako kanpaina egingo du Laudioko Udalak San Balentin egunean
  • Udaletik San Balentinek saltzen duten “maitasun eredu heterosexuala” kritikatu dute era behin betiko harreman monogamo eta suntsiezinen alde transmititzen dituen baloreak ere salatu dituzte.

Aiaraldea @aiaraldea 2020ko otsailaren 07a
Berdintasunaren aldeko programaren barnean kokatzen da ekimena. / Aiaraldea.eus.

Maitasun erromantikoaren aurkako kanpaina antolatu du Laudioko Udalak San Balentin egunerako, amodiozko harreman baten barruan desberdintasunak eta desabantailak indartzen dituela argudiatuta. Era berean, ospakizunaren kontra daudela esan dute udaletik ohar baten bidez, eta “bikotekidea izatera behartzen duen gizarte eredu bat” sustatzen duela adierazi dute.

Loli Muriel Emakume eta Berdintasun zinegotziak San Balentinek gizartean saltzen duen “maitasun eredu heterosexuala” salatu nahi izan du. Gainera, maitasun mota horrek “behin betiko harremana, monogamoa eta suntsiezina” bultzatzen duela kritikatu du, harreman hori eusteko jarrera jeloskorrak eraikitzen dituela argudiatuta. Ideia horiek “emakumea gizonaren kide delako pentsamenduan” oinarrituta daudela esan du ere zinegotziak.

Ondorioz, ospakizunaren kontrako bi jarduera aldarrikatzaile programatu ditu udalak. Alde batetik, Degenérate mucho ikuskizuna egingo da otsailaren 14an 19:00etan Laudioalde aretoan, “nola eraikitzen garen hausnartzen duen umore handiko antzerkia”. Bestetik, Antes del anochecer pelikula estatubatuarra proiektatuko da otsailaren 15ean 17:30ean eta 19:00etan, Laudioalden ere.

Ekintza hau Laudioko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako hirugarren planaren barruan kokatzen da, zeinak “indarkeriazko jarrerak eta jarrera sexistak prebenitzeko, tratu onak sustatzeko eta maitasun erromantikoaren mitoak bezalako gaietan prebentzioz sakontzeko” helburua duen.