Otsailaren 14aren bezperan maitasun erromantikoaren aurka Donostian pintaketa batzuk egitea egotzita Mozal Legeaz zigortu dituzte hiru gazte. Poliziaren tratua salatzeaz gain, ez dutela isuna ordainduko adierazi dute ARGIAra bidalitako oharrean. "Mozal legea, poliziaren jarrera eta ekintzak onartezinak dira. Horregatik, pertsona hauek uko egingo diote isuna ordaintzeari, desobedientzia moduan eta estatu zapaltzailearekin inondik inora ez kolaboratzeko".
Donostiako Ibaetako kanpusean "aske maite zaitut" edo "zeloek hil egiten dute" gisako pintaketak agertu ziren. Ertzaintzako 5 patruila joan eta hiru pertsona gerarazi zituzten. "Miaketa horretan erdi biluztera eta oinustera behartu zituzten", salatu dute.
Bi pertsonak ahoz identifikazioa egin arren, komisaldegira eraman zituztela salatu dute. "Atxikitze hauen helburua argia da: pertsona hauek fitxatzea eta hatz-markak eta argazkiak hartzea". Komisaldegian bi ordu baino gehiago egin zituztela salatu dute.
Poliziak egindako salaketa "gezurrez beteta" dagoela salatu dute.
"San Valentin bezperan gertatu zen. Kupidok kontsumitzera beharzten gaituen egunean, harreman monogamo, heterosexual eta menpekoak sortzen dutenak, esklusiboak eta printzeen ipuinetakoak erreproduzitzera behartzen gaituen egunean. Idatzitako leloak egun honetan sustatzen diren balorren kontrakoak dira", adierazi dute.