argia.eus
INPRIMATU
Maisutasunez

Montserrat Auzmendi del Solar 2024ko abuztuaren 19a

Budapest Festival Orkestra. Zuzendaria: Ivan Fischer.

Donostiako Orfeoia. Zuzendaria: Jose Antonio Sainz Alfaro.

Bakarlariak: Anna Lena Elbert (sopranoa), Olivia Vermeulen (kontraltoa), Martin Mitterrutzner (tenorea), Hanno Müller-Brachmann (baxua). Lekua: Kursaal Auditoria. Data: abuztuaren 18a.

Budapest Festival Orchestrak bi kontzertu eskaini dizkigu Donostiako Musika Hamabostaldian egiten ari den biran. Donostiaren ostean, Santanderren (Kantabria) eta Gstaaden (Suitza) arituko dira, ia programa berarekin. 1980ko hamarkadaren erdialdean Ivan Fischer zuzendari titularrak berak sortutako orkestra hau gaur egungo Europa erdialdeko orkestra handienetako bat dela esan daiteke. Zorionez, maiz etortzen zaigu bisitan Hamabostaldia dela-eta; beraz, talde honen bilakaera apreziatu dezakegu.

Aurtengo bigarren topaketarako Budapesteko taldeak Mozart programa bizia eta erakargarria eskaini zigun.

Lehenik eta behin, 38. Sinfonia re maiorrean KV 504 Praga izenekoa interpretatu zuten. 1787ko urtarrilean Mozartek bere emaztearekin Pragara bidaiatu zuenean, bere ekipajean sinfonia berri bat zeraman, han estreinatu zena eta ordutik Pragako Sinfonia deitzen dena. Don Giovannirekin paralelismo asko dituen sinfonia da. Allegroaren gai nagusia Don Giovanniren oberturaren antzekoa da: barre distiratsu eta gaizto bat sakonetik irteten da; bestalde, sinfoniaren estiloa dramatiko operatiboa da, keinu dotore eta bat-batekoak dituena, eta azken Prestoak Don Giovanniren xanpainaren ariako frenesia du. Egiaztatu genuen Budapest Festival Orchestrak sentsazio horiek guztiak adierazkortasun handiz publikoaren eskura jartzen jakin zuela. Ez da orkestra barnerakoia, ezta zuzendari barnerakoia ere. Aitzitik: talde kanporakoia da, musika mezua publikoari erraz helarazten diona.

Gaueko plater nagusia Requiem re minorrean KV 626 obraren interpretazioa izan zen, Donostiako Orfeoiarekin batera. Eskainitako bertsioa Fischer buru zuen orkestrak berak 2016ko abuztuan Hamabostaldira ekarri ziguna baino konbentzionalagoa izan zen. Orduko hartan, Collegium Vocale Gent abesbatzako kideak orkestraren artean jarri zituen, sonoritate berezia eta espontaneotasun ukitua lortuta. Oraingo honetan, Donostiako Orfeoiaren kokapena tradizionala izan zen, eta emaitza orekatua izan zen, konpentsatua. Esan liteke bertsio lasaia izan zela baina indartsua une batzuetan, Lacrymosa edo Lux aeternam pasarteetan bezala.

Kontzertu on bat. Orkestra handi honen hurrengo bisitaren zain geratzen gara.