argia.eus
INPRIMATU
Mailtrain: e-mail marketin-erako software libre eta burujabea aurkeztuko dute Euskarabilduan
  • Mailtrain e-posta bidalketak egitea ahalbidetzen duen software librea da. Norberaren zerbitzarian instalatzeko aukera eman eta datuen pribatutasuna zaintzen du.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 24a

Marketinaren eremuan, e-posta bidalketak egitea oso ohikoa da, informazioa publiko zabalari helarazteko, bezeroak fidelizatzeko edo salmenta zereginetarako.

E-postak jarraitzen du izaten marketin alorrean errendimendu hobea eskaintzen duen kanala. 2019ko datuen arabera, e-posta bidezko kanpainetara bideratutako enpresen marketinaren aurrekontuaren %13 eta salmentetan %19ko eragina izan zuen. Horregatik, enpresentzat eta erakundeentzat oso bitarteko baliagarriak dira e-posta bidezko bidalketak egitea eta neurtzea ahalbidetzen duten softwareak.

Mailing-ak egiteko erabiltzen diren aplikazioei dagokienez, erabilienetako batzuk SendInBlue, MailRelay eta Mailchimp dira. Baina e-posta helbideak informazio konfidentziala da eta hirugarrenen esku uzten ari gara plataforma horiek erabilita. Hori saihesteko badira alternatibak. Horietako bat da Mailtrain.

Mailtrain e-posta bidalketak egitea ahalbidetzen duen software librea da. Norberaren zerbitzarian instalatzeko aukera ematen du eta datuen pribatutasuna zaintzen du.

Euskarabildua jardunaldian Eli Pombo Iametzako kideak, Mailtrain-en ezaugarri nabarmenak azalduko ditu.

Euskarabildua jardunaldia urriaren 26an egingo da Donostiako San Telmo museoan eta antolatzaile da ARGIA, Iametza eta Ametzagaiña taldeko enpresekin batera. Bertaratu nahi izanez gero, Euskarabilduaren webgunearen bidez izena eman daiteke.