argia.eus
INPRIMATU
Maila sozioekonomiko baxuko EAEko 10 ikasletik 7k “ghetto-eskoletan” ikasten dute
  • EAEko hezkuntzan ematen den segregazio sozioekonomikoaren hazkunde kezkagarriaz ohartarazi du Save The Childrenek. Erakundeak kaleraturiko txostenaren arabera, egoera sozioekonomiko txarrean dauden ikasleak kontzentratzen dituzten “ghetto-eskoletan”, ikasleen %68,8k profil sozioekonomiko baxua du (Espainiako Estatuan, %53,7koa da batez bestekoa), ikastetxe hauetan ikasle gehiagok errepikatzen du ikasturtea eta gehiago dira ikasketak uzten dituztenak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko apirilaren 25a

Eskola-segregazioan Estatuko indize altuena dutenen artean, laugarrena da EAE (0,27), Madril, Katalunia eta Errioxaren atzetik. Azken hamar urteetan, %8,7 handitu da indize hori EAEn, “ghetto-eskolak” direlakoak areagotuz. Egoera ahulenean bizi diren 10 ikasletik 7k horietan ikasten dute, Nahastu nirekin. Segregazio sozioekonomikotik hezkuntza inklusibora txostenean jasotzen denez. Kontzentrazio maila altuko hamar ikastetxetatik bederatzi publikoak dira.

Besteak beste, hizkuntza-laguntza jasotzeko beharrak dituzten ikasleak kontzentratzen dira ikastetxe hauetan, behar bereziak dituztenak, eta eskolaz kanpoko jardueretan eskaintza urria dute. Gainera, errealitate horren aurrean ikastetxe hauek maiz ez dituzte eskura behar lituzketen baliabideak, “eta askotan, kualifikazio handieneko irakasleek alde egiten diete, konplexutasun maila txikiagoa duten beste ikastetxe batzuetara”.

Zer egin daiteke?

Hainbat neurri proposatu ditu Save The Childrenek. Hala nola, ohiko matrikulazio-garaia ixten denean kontzentrazio handiko ikastetxeek eskaintzen dituzten tokiak murriztea (ratioa murriztea) eta tokiak gordetzea beste ikastetxe batzuetan. Kuota minimoak eta maximoak ezartzea, eta egoera zaurgarrian dauden familiei ikastetxea aukeratzerakoan informazioa ematea ere aipatu dute. Baita konpentsazio edo erakarpen politikak martxan jartzea ere: adibidez, ikastetxe hauetara baliabide gehiago bideratuz, benetako doakotasuna bermatzeko kuotak kontrolatuz, irakasleentzako pizgarriak garatuz…