argia.eus
INPRIMATU
Maila historikoetara iritsi da CO2 kontzentrazioa atmosferan
  • MME Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du lurraren tenperatura igo egin dela, berotegi efektua sortzen duen CO2aren pilaketaren ondorioz.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko urriaren 31
Urtero, CO2 kontzentrazioak gora egiten du (Argazkia: revistamadretierra.com)

Azken hamarkadetan kezka sortu du karbono dioxido kopuruak, baina iazko datuak marka guztiak hautsi ditu: 2016an milioiko 403,3 parte gainditu zituen CO2 kontzentrazioa. Kritikotzat jotzen da 400etik gorako kontzentrazioa.

Ikerketak zehazten duenez, gas emisioak gelditu egin dira azken hiru urteotan. Hau da, gas isuria ez da handitu. Bai, ordea, kutsadura maila. Izan ere, gasen emisioa eta hark zor dezakeen kutsadura kopurua ez dira baliokideak; prozesua ez da lineala eta atmosferan dauden beste hainbat faktorek eragin zuzena dute.

Egungo karbono dioxido mailak industrializazio aurrekoaren  %145  da. “Bi aldiz egon da Lurra antzeko egoeran, orain dela hiru eta bost milioi urte egon zen, hurrenez hurren”, diote ikerlariek. “Lehen aldian, tenperatura orokorra bi edo hiru gradu altuagoa zen, eta bigarrengoan, itsas maila hamar eta hogei metro bitartean altuagoa”.

Iazko datuei El Niño izeneko fenomeno meteorologikoa gehitu behar zaie: bost urtean behin ematen den fenomenoa da eta Ozeano Bareko tenperaturaren gorakada dakar. Lehorte eta euri jasa gogorrak ere sortu ditzake.