argia.eus
INPRIMATU
Maider Oleagaren Irrits film laburra, argia ikustetik gertu
  • Berriki eman dituzte bukatutzat film laburraren filmatze lanak. Bi emakume gazte ditu protagonistatzat, eta berauen artean sortuko den desira ardatz.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko irailaren 03a
Argazkia: Arriguri

Amaitutzat jo dituzte Maider Oleagak (Bilbo, 1976)  idatzi eta zuzendutako Irrits film laburraren filmatze lanak. Filma Arabako hainbat tokitan filmatu da, eta istorioak Clara eta Izaroren arteko harremanaren bueltan dihardu, hemezortzi urteko bi emakume. Begirale gisa ari dira lanean udalekuetan, eta umeen begiradatik kanpo daudenean, haien desirak azaleratuz doaz.

Izaro Nieto eta Angela Echaniz aktoreek eman diete bizia pertsonaiei, eta aktore taldea osatu dute Xabier Elizalde eta Erika Olaizolak. Oro har, filmatze prozesuan emakumeen presentzia nabarmena izan da, Galapan-ekin batera filma ekoiztu duen Sumendi ekoiztetxeak azpimarratu duenez. Lanean aritu dira, besteren artean, Lara Vilanova argazki zuzendari gisa, Loreto Agirre produkzio zuzendaritzan, makillaje eta ile-apainketa burua Esther Villar izan da, Kemen arte zuzendaria, soinu burua Andrea Sáenz, soinu diseinuan Xavier Salvador aritu da, Nerea Torrijos arduratu da jantzi diseinuaz, eta Maialen Sarasua da muntatzailea.

Produkzio oparoa

Irrits ez da Oleagak aurten aurkeztu asmo duen lan bakarra. Urte bukaeran estreinatu asmo du Kinka film laburra ere, Galapan eta Sumendik ekoiztetxeen eskutik hori ere. Horrez gain, 69. Donostia Zinemaldian berak idatzi eta zuzendutako dokumentala aurkeztuko da Zinemira Sailean: Kuartk Valley. 2005ean Kuartangoko biztanleek gauzatutako abentura kolektiboa du dokumentatu du: Algo más que morir (Hiltzea baino zerbait gehiago) western-aren filmatzea.