argia.eus
INPRIMATU
Maider Oleagaren ‘Verabredung’: Berlinen gurutzatzen diren historiak
  • Verabredung filmaren kritika. Zuzendaria: Maider Oleaga. Urriaren 6an Lekeitioko zinema aretoan eman zuten, 41. Euskal Zine Bileraren irekiera ekitaldian.

Ainhoa GutiƩrrez del Pozo 2018ko urriaren 09a

Irekiera ekitaldiak zabaldutako atetik sartu da Maider Oleagaren Verabredung (2017) film luzea Lekeitioko zinema aretora, (H)emen gaude sailak zinemagile bilbotarrarengan fokua jarri duen 41. Euskal Zine Bilerako edizio honetan. Oleagak urte amaieran estreinatuko du Elbira Zipitriaren inguruan egindako Muga deitzen da pausoa dokumentala.

Oleagak 2016an zuzendutako Iragan gunea Berlin filmaren ondorengotza darama Verabredung-ek, eta bertan, hiriburu alemaniarraren inguruko hausnarketa proposatzen du zuzendariak, gaur egun Berlingo hainbat hiritarren bizitzetan arakatuta. 1941ean, Jose Antonio Agirre lehen lehendakariak Berlin izan zuen tarte baterako gordeleku, erbestean igaro zituen urteetan. 2016an, bere bizitza berreraikitzea helburu duen jende andana bertaratzen da, oraindik, hiri honetara. Bi errealitate hauek tartekatzen ditu Oleagak filmean, Berlingo iruditegia osatzen duten paisaien baitan.

Bost pertsonek gorpuztu dituzte Verabredung (Hitzordua) filmaren ahotsak: sorterria berreraikitzea amets duen siriar errefuxiatuak, bere burua familia eta jaio den kulturako kode sozialetatik at bizitzera behartua ikusi duen emakume kurduak, hala nola, musika eta artearen baitan mugitzen diren hiru euskaldunek: klarinete-jolea, artista plastikoa eta orkestra zuzendaria. Gazte hauen eguneroko bizitzaren zatiak elkarren artean jostean sortzen ditu Oleagak hiriaren inguruko ikuspegi anitzak, Agirre lehendakariaren egunerokoaren pasarteekin lotuta. De Guernica a Nueva York, pasando por Berlín (1942) liburutik jasotako aipuak erabiltzen ditu, non hamazazpi hilabetean lehendakariak egunez egun idatzitakoak gordetzen diren, panpin baten barnean ezkutatuta egonagatik galdu ez zirenak. Aipuok gazteei hiriak sortzen dizkien hausnarketekin elkarrizketan jartzen ditu, eta hiria hizpide duten iritzi berdin eta ezberdinen arteko mapa eraikitzen du horrela bilbotarrak, gogoeta gisa.

Pertsonaia bakoitzaren istorioa bere modura harremantzen da hiria eta lehendakariaren ibilbidearekin. Siriarra Berlinen erbesteratu da gerratik ihesi, eta hirian aurkitu du Bigarren Mundu Gerran suntsitua izan ostean gaur egun berreraikia azaltzen den Berlin berria. Bertan gonbidatu izan nahi du, eta ez errefuxiatu. Kurduak hirian bilatu ditu bere burua berregiteko beharrezkoak zituen tresnak. Beste hizkuntza bat, beste bizitza bat, beste nortasun bat. Klarinete-jolea, hain zuzen, hori galdu izanak pentsarazten du. Behin hiri horretara heldu ondorengo hura ezin utzia islatzen du, eta bertan bere burua aurkitu nahia. Artista plastikoak sakonera eramaten duen hiria deskribatzen du, non ezin den ezer espero, dena oreka prekarioan dantzan baitago. Inguruko jendearekiko anonimotasuna nabarmentzen du berak, reset modukoa. Orkestra zuzendaria horrek du batez ere erakartzen, erabateko anonimotasunak, eta ingurukoen mugimendu biziaz mintzo da. Harremanen hauskortasuna dakar, bestalde, elkarren ondotik igarotzeko modu horrek.

Berlin hiriko irudi eta sinboloek, eta klarinete eta pianoz sorturiko melodiek, hainbat hausnarketa eragin dituzte zinema aretoan. Kanpokoaren inguruan (Berlin), gure ingurukotzat dugunaren baitan (etxea), desiratzen dugunarekiko (eskuraezin) edo bilatzen ditugunen bizkarrean (hemen).