Maider Azarete baratzezaintza ekologikoan ari da Sarako “Ibarsoroa” etxaldean. Zuzeneko salmenta egiten du eta hilabete gutxi barru bigarren lanpostu bat sortuko du, bere bikote Sebastien hasiko baita berarekin.
Noiztik instalatua zira?
Formakuntza laborantxa eskoletan segitu dut eta pixkanaka pixkanaka baratzegintzari lotu naiz. BTSa bukatuta, lau urtez, formatu naiz laborari baten etxean, Auvergnan. Banekien ofizio hori maite nuela eta familiako lurretan instalatzeko posibilitatea banuela. 2012ko urte hastapenean hasi nintzen “cotisant solidaire” gisa, lurrak nola ziren eta nola konportatzen ziren ikusteko, 2012ko urrian instalatua naiz etxalde buru gisa. BLErekin formakuntzak segitzen ditut, beti baita ikasteko.
Barazkiak ekoizten dituzu...
Urte guziko barazki aniztasuna proposatzen dut. Hastapenetik 400 m2-ko bi negutegi instalatu nituen, hemen euri asko egiten du, ene ustez beharrezko zen barazki zonbaitendako. Beste barazkiak kanpoan dira. Lekua badut errotazioneak untsa egiteko ere.
Hautatu duzu biologikoan izaitea…
Hola ikusten nuelako. Gero ta gehiago, jendearentzat biologikoak badu bere bidea egiteko. Sanoki jateko, pozoinik gabeko produktuak proposatzen ditugu. Lehen, bi laborarik zuten lur hori. Lehen partea segidan bilogikora pasa da eta bigarren partean bi urteko konbertsionea izan da. Tratamendu bilogikoak egiten ditugu. Tomatentzat “bouillie bordelaise” erabiltzen ahal dugu eta “purins” delakoak landareak azkartzeko. Ber mementoan, lan bat egiten dugu landareak ez eri izaiteko, errotazioneak errespetatuz.
Biologikoan izanez eskuz ari gira. Erregularki segitu behar da baratzea. Belarra beti ari da pusatzen, hemen lurra biziki umia baita ere. Sobera denbora uzten balin baduzu, denbora gehiago pasatzen duzu hortan. Sebastienek laguntzen nau eta binaka askoz errezago da, antolatzeko, zaintzeko, biltzeko eta saltzeko.
Nori saltzen duzu zure produkzioa?
Dena zuzenki saltzen dut. Instalatu naizelarik, produktuak ateratzeko ez nintzen beldur bainan saltzeko, bere tokia egin behar da. Azken finean aski fite egin dugu kliantela. Hasi gira “konfiantxazko kontratu” batekin, lagunekin, eta gero batetik bestera pasatu da informazioa.
Egun Senpereko talde horri 30 saski saltzen dizkiogu astero. Saskietan entsaiatzen gira bost-sei barazki gutienez ezartzea, dibersitatea proposatzea. Neurri desberdineko saskiak badira: 10, 12 eta 15 eurokoak. Bestalde, astero, 20 saski prestatzen ditugu Angeluko AMAPa batentzat eta 15 Bidarteko “Soro handia” konsumo elkartearentzat. Udan, Sarako merkatuan gira ere.
Herriko kantinarekin lan egiten duzu ere...
Bai, joan den udan, Sarako herriko kantinarekin lan egin dugu, aisialdi zentroko bazkariak prestatzen dituelakotz. Lege bat pasa da produktu bilogikoak integratzeko kantinetan bainan prezioengatik zaila da segitzeko. Berezia da, dietetiziena batek hautatzen baitu eta behar duena galdetzen du; besteeri duguna emaiten diegu. Haurrek sanoki jan dezaten nahi dute kantinetan ere. Leku batzutan gertatu diren problemekin (intoxikazio), jatekoaren inportantziaz ohartzen ari dira, bereziki haur ttipieri buruz. Produktu on eta sanoa zer den erakusi nahi diete haurrei, ez dela urez betea, pusatua, gustorik gabekoa, pozoinez betea.
Ekonomikoki untsa bizitzen zira baratzegintzaz?
Kargu pizuenak dira MSA eta, guretzat, landareen erostea. Landare gehienak eginarazten ditut Senperen, beharrik ez gira urrun. Landare sinpleenak ekoizten ditugu bakarrik, kuia adibidez. Landare pixka bat gehiago egin nahi ginuke. Ez dugu oraino dena plantan ezarria, pixkanaka ikusiko dugu nola egiten dugun.
Hemen bigarren hilabete sari baten ateratzeko posibilitatea badela ikusten dugu. Sebastien, ene lagunak, asko laguntzen nau jadanik, noiztenka kanpoan lan egiten du, baratzegintzan ere. Formakuntza berdina dugu eta badakigu elgarrekin lan egiten ahal dugula. Bere instalazio dozierra hasia du eta uda huntan instalatu nahi luke. Gure helburua da biak untsa bizitzeko behar dugun dirua ateratzea.
Geroari buruz, baikorra zira?
Baratzegintzan bada lan egiteko oraino. Lurraman, sukaldari batzuekin hitz egin genuen. Ostatuek ere tokiko ekoizpenak xekatzen dituzte gero ta gehiago. Berriki instalatu den sukaldari batekin lanean hasiko gira martxoan. Duguna hartuko du, hori zinez goxoa da. Baikorrak gira. Ikusten dugu posible dela biak baratzegintzaz bizitzea, antolatu behar da. Lanbide hortan, baratzegintza biologikoan, bada lan. Gero eta jende gehiagok barazki biologikoak galdegiten dituzte. Saran lau baratzezain gira eta ez dugu bat bestea trabatzen.
Zer mezu pasarazi nahi duzu baratzegintzan instalatu nahi duteneri?
Lehenik formatzea kontseilatuko nieke. Minimoki urte bat arituz beste baratze batean. Urte bat behar da sasoin bakotxeko lan desberdinak eta barazki motak deskubritzeko. Formakuntza hori kanpoan eginez, ohartuko dira ere zer beharko duten instalatzeko. BLErekin untsa inguratua izaiten ahal da. Lana atsegina da, nahi duzun bezala antolatzen zira.
Saran zaila da laborantxan instalatzea?
Euskal Herrian zaila da lurrak laborantxarendako atxikitzea. Saran bada laborantxa baina eraikitzen ari dira ere eta lurrak pixkanaka desagertzen dira. Instalatu naiz familiako lurrak zirelako baina ez dakit Saran instalatzeko posibilitate hori izango nuen bestela. Azken urteetan, gazteek familiako segida hartu dute, ainitz kabalekin ari dira, batzu baratzegintzan. Jendea beldur da laborari bati lurra urte guziko emaiteko, “bail” bat eginez. Prestatuko dituzte bainan zuk, hortaz bizi zirenez, segurtasun bat behar duzu, lurra gure lan tresna da eta hortako zaila da instalatzea ez baduzu lurrik.