Baina baina, a zer maiatza joan zaigun. Sekula ikusi gabekoak izan ditut muturraren aurrean. Eta eskerrak etxetik urruti joaterik ez genuen esp-etxealdian izan garen sasoian, bestela direnak eta ez direnak topatuko genituen...
Aurtengo maiatza pattala izaten ari da, eta horrek eragin handia izan du, nire inguruan behinik. Sasiakaziaren (Robinia pseudoacacia) loraldia izan zen lehen iragarpena. Lore horrekin esaera badut: “Sasiakazia lore, antxoa urre”. Aspaldiko urteetako eskasena. Aurten uste dut biak izan direla ez urre, baizik urri! Hurrengoa sagarrondoena (Malus domestica), hori ere mehatza, bakana. Sagarrondoaren loraldiarekin ere urtero berritzen dugun esaera bada gure etxean: “Martxokoa ez balitz hobe, apirilekoa urre eta maiatzekoa ezer baino hobe”. Aurten ia loraldi osoa maiatzean izaten ari da, eta berandu, hilaren azken hamar egunetan ere oraindik loratzen. Hilaren hamabigarrenean beste gauza xelebre bat ikusi dut, egundo ikusi gabea: sagarrondoa eta gaztainondoa (Castanea sativa) elkarren aldamenean eta biak loretan. Hor dituzue argazkiak, Bizi Baratzea webguneko Instagrameko eta Facebookeko harietan.
Izerdi gorabehera bitxiak ibili dira. Nire ustetan, aurten negurik izan ez izanak eragin gogorra izan du, eta landareek ederki asko antzeman! Hotza derrigorrezkoa da loraldi bikaina nahi bada. Hotzik ez, loraldirik ez, edo, izatekotan, seko eskasa. Aurtengo sagastien atarramentua.
Negua negu, maiatzak berea ere egin nahi du, eta hor etorri da hilabetearen erdi-erdiko hamabostaldian ilgora, 11tik 25era. Maiatzaren ilgora beti izan da seinalatua: haltza (Alnus glutinosa) maiatzeko ilgoran botatzen da. Gezurra dirudi, baina izerdi betean, urteko hazkunde handiena duen tartean, hostogintzara erabat emana dagoenean, orduantxe epaitu eta bota behar da. Izan ere, haltzaren zura malgua nahi dugu, bihurkorra, moldagarria... Izerdiz betetako zura izango da, eta erabat gogortu gabe dagoena. Horrela erraz okertuko dugu. Adibide ederrena gurdi-gainekoa da. Gurdian daramagunari gainean jartzen zaion pieza da. Aurreko ezpatan ziri batekin eusten da, eta atzekoaren kontra gurtetxeari lotzen zaio. Lotzeko bi edo hiru lagunen artean makur-makur eta estu-estu egiten da, gurdiko karga, garo edo gari, ote edo inaurkin, belar edo lasto, halamoduzko gurdibideetako balantzetan gal ez dezan. Haltzaren malgutasun hori harrigarria da, ikusi arte sinestezina. Maiatzeko ilgorakoa. Malguetan malguena. Atzeko eta aurreko ezpata, eta han eusteko ziriak sasiarkaziazkoak. Malgutasuna urrun dutenak, zurrun eta sendo zutik behar dutenak. Negu-neguan, izerdirik gabe eta ilbeheran botatako sasiarkaziazkoak. Zurrunetan zurrunenak.