argia.eus
INPRIMATU
Euskal letren plaza bilakatuko da Zarautz maiatzeko azken asteburuan
  • Maiatzaren 27tik 29ra izango da aurtengo Literaturia. Askotariko ikuskizunak eta mahai-inguruak egingo dituzte Zarauzko euskal letren plazan. Dagoeneko eskuragarri daude emanaldietarako sarrerak.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2022ko maiatzaren 18a

Maiatzeko azken asteburuan berriz ere euskal letren plaza bilakatuko da Zarautz. Joan den urteko Literaturia jaialditik zortzi hilabete baino igaro ez direnean berriz ere hartuko ditu Zarauzko kaleak. Asteburu osoko egitaraua antolatu dute, ikuskizunak, mahai-inguruak, liburu azoka eta liburu aurkezpenekin.

Ana Malagonek irakurriko du asteburuari hasiera emango dion manifestua, maiatzaren 27 iluntzean. Aurten, “Piztia” hautatu dute ekimenaren gai gisa, eta hortik tiraka idatzitako testua irakurriko du Malagonek. Aurtengo egitaraua aurkezteko egindako bideoan ageri denez, hura aurkitu, baretu eta pizteko balio baitu literaturak. Manifestuaren ostean Oier Guillan, Lutxo Egia, Pelax, Telmo Trenor eta Elena Ramirezek Istanbul ikuskizuna emango dute Modelo aretoan.

Larunbatean beste gune batzuetara ere zabalduko da egitaraua. 11:30etan zabalduko da liburu azoka eta 12:00etan egingo dute irekiera ekitaldia. Itxaropena argitaletxe eta inprimategia omenduko dute bertan, euskal literaturaren alde egindako lanagatik. Goizean zehar liburu aurkezpenak ere izango dira liburu azokan bertan, eta arratsaldean Garoa liburu dendan.

Modelo Aretoan bi ekitaldi egingo dira larunbatean. 12:30etan Berrabiaraziko dugu literatura eskolan? Mahai-ingurua izango da, Imanol Epelde, Intza Alkain, Uxue Ostolaza eta Nerea Lasaren eskutik. 18:00etan, berriz, Frankenstein agurgarria gutun musikatua eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak. Haurrentzako Literattipia gunean Kamishibaizalea sormen lantegia eskainiko du Iñaki Martiarena Mattin-ek, 11:00etan Etxezabala aretoan. Larunbata biribiltzeko Odei rap-abeslariak kontzertua emango du azokako karpan.

Igandean ere egongo da zer gozatu. 11:30etan Euskal Itzultzaile, Interprete eta Zuzentzaileen Elkartearekin batera antolatutako Literatura unibertsala. Ibilitakotik ibiltzekora mahai-ingurua egongo da Modelo aretoan, Manu Lopez Gaseni, Angel Erro eta Irati Jimenezekin. 12:30ean, Merkatu Plazan, rr #5 marrak. Garaiaren erradiografia mugitu bat hitz eta bertso errezitaldia eskainiko du Maialen Lujanbio bertsolariak. Amaitzeko, 17:00etan Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez eta Miren Narbaiza elkartuko dira Modelo aretoan Elkarrizketa baten soinua eta notak izeneko emanaldian. Gainera, goizean zehar liburu azoka eta aurkezpenak ere egongo dira.

Emanaldietarako sarrerak internet bidez eskura daitezke dagoeneko, Literaturiaren webgunean, eta leihatilan ere erosi ahalko dira, ekitaldia baino ordubete lehenago.