LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE izango dira irudia partekatuko duten sindikatuak. Deialdia egin diote langile klaseari leihoetan eta balkoietan Maiatzaren Leheneko ikurra jar dezaten.
Egunaren aurretik eta egunean bertan sindikatu bakoitzak bere ekimen propioak antolatu baditu ere, irudi komuna plazaratzearen alde agertu dira. Irudi hori Euskal Herriko langile klasearen balkoietan eta leihoetan jartzeko deia egin dute, “langileon indarra eta aldarrikapena ikusaraztea” helburu.
Kapitalak marraztu nahi duen etorkizun beltzaren aurrean bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi duela adierazi du LABek. Hori horrela, Maiatzaren Lehena aldarrikapen eta ospakizun eguntzat ezarri dute, modu koloretsuan ospatzekoa.
Jendeak erabiltzeko irudia sindikatu bakoitzaren argitalpenetan egongo da; kartel digital, bideo eta abarretan. Era berean, herritarrei irudia inprimatu edo eskuz marraztu dezaten dei egin diete.