argia.eus
INPRIMATU
Maiatzaren Lehena berezia
  • Maiatzaren Lehena berezia izan da aurten Euskal Herrian, konfinamenduak behartuta kalean apenas egin baita mobilizaziorik, auto karabana batzuk salbu. Balkoiak eta sare sozialak bilakatu dira aldarrikapen bozgorailu.

     

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 02a

Aurtengoan, Hego Euskal Herrian, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek irudi bera baliatu dute Maiatzaren Lehenaren aldarria plazaratzeko, eta makina bat herritarrek atera dute balkoira edota sare sozialetan zabaldu, ELAk osatutako argaki-galeriak erakusten duenez.

Ipar Euskal Herrian, indarrak batu dituzte CGT, LAB, Bizi!, Aitzina eta Egiazko Berdintasunaren Alde kolektiboak.

ELA: "Kolektiboak eta publikoak guztion berdintasuna bermatzen dute, eta horrek bakarrik salba gaitzake"

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren hitzetan, aurtengo Maiatzaren Lehenak "gogorarazi digu zeintzuk diren bizitzarako ezinbestekoak diren enplegu eta sektoreak, eta kolektiboa eta publikoa direla bizitzak aurrera egiteko berme bakarra". Lakuntzak nabarmendu du zer nolako "injustizia humanitarioa" izan den milaka pertsona hiltzea, osasun arreta nahikorik eta behar bezalako segurtasunik izan ez dutelako: "Pandemiak ez digu guztioi berdin erasan; klase irakurketa ere egin daiteke. Aurtengo aldarriak berebiziko mezua dakar berarekin batera: gogoratzen du zer den funtsezkoa biziak jarrai dezan; zeintzuk diren behar-beharrezko sektore eta enpleguak, eta kolektiboa eta publikoa denaren balioa, bera baita berme bakarra egun bizi dugun moduko erronka larriei aurre egiteko".

 

LAB: "Kapitalaren boterea fronte guztietan borrokatuko dugu: enpresetan, kalean eta instituzioetan"

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak adierazi duenez, "indarrean dagoen eredu kapitalista, heteropatriarkala eta ekozida honek ezinezkoa bilakatzen du bizitza duina". Gaineratu du konfinamendu eredu hau "kapitalaren, enpresa handien interesen arabera" diseinatua izan dela, eta hartzen ari diren erabakietan pertsona eta osasuna ez daudela erdigunean. "Eta horrek, gu guztiok, herritarrok, konfinamendu gogor bat pairatzera eraman gaitu. Era berean ere, egoera hau baliatzen ari da Estatuen aldetik zentralizazioaren aldeko apustua egiteko, militarizazioan sakontzeko, kontrol soziala areagotzeko. Gure askatasun indibidualak urratuak izan dira, baita eskubide zibil, sozial eta politikoak ere".

 

ESK eta Steilas, elkarrekin...

ESK eta Steilas sindikatuek elkarrekin ospatu dute aurtengo Maiatzaren Lehena, Bizitza vs kapitala leopean. Iruñean sei laguneko elkarretaratze estatikoa egin dute ESK, Steilas, CGT eta Solidari sindikatuek Recoletas plazan. LAB elkarretaratzera gonbidatu dute, sindikatuak Nafarroan aurreikusita zituen mobilizazioak debekatuak zeudelako.

 

... baita CCOO eta UGT ere

CCOOk eta UGTk ere elkarrekin ospatuko dute Maiatzaren Lehena, Lana eta zerbitzu publikoak, beharrezkoa da beste eredu sozial eta ekonomiko bat lelopean.

Loli Garcia CCOO-Euskadiko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, osasun krisiak argi utzi du "funtsezkoena gizarte hau mantentzea bermatu duten langile guztiak" direla. Zaintza erdigunean jarri beharra nabarmendu du Garciak.

Bestalde, UGT-Euskadiko idazkari nagusiak, Raul Arzak, "lan segurua" eskatu du, baita ERTE sistemak alarma egoeratik haratago jarraitzea ere, "ahalik eta lanpostu gehien bermatzeko eta mantentzeko". Halaber, nabarmendu du "enpresa pribatuen eskuetan jartzen ditugun funtsezko zerbitzuei buruz hausnartu beharra dagoela".