argia.eus
INPRIMATU
Ostegunean epaituko dituzte Kortxoenearen desalojoaren harira atxilotutako bi pertsonak
  • Donostian eraitsi zuten Kortxoenea gaztetxeko kideek jakinarazi dute maiatzaren 4an epaituko dituztela desalojoaren harira atxilotutako bi lagunak. Ategorrieta kalean eserialdia egiteagatik, urtebeteko espetxe zigor eskaerari aurre egin behar diote.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko maiatzaren 02a
Hondeamakinak Kortxoenea gaztetxea eraisten. (Argazkia: Kortxoenea)

Elkarretaratzera deitu dute 9:30ean Donostiako epaitegian bi auzipetuei elkartasuna eta babesa erakusteko asmoz.

Deialdia egitearekin batera, gogorarazi nahi izan dute legez kanpoko eraisketa izan zela ardatz hartuta gaztetxeko kideek jarritako salaketa aurrera doala eta uztailean eraikuntza enpresaren aurkako epaiketa egingo dutela.

2015eko azaroaren 3 hartan ARGIAk grabatutako bideo honetan ikus daitezke errepide mozketa eta Ertzaintzaren jarduna.

 

Jarraian Kortxoeneatik hedabideetara zabaldu duten oharra osorik irakurgai:

Epaiketan urtebeteko espetxe zigor eskaerari egin beharko diete aurre desalojoaren ondorengo bi atxilotuek, guztia horren ohikoa dugun muntaia polizial batean oinarritzen delarik.

Ez da lehen aldia desobedientzia zibila oinarri duen protesta baketsu batean parte hartzeagatik Ertzaintzak herritarrak atxilotu eta auzipetu dituela, horretarako gezurra eta manipulazioa probestuz, eta beste behin ere gogor salatu nahi dugu hau guztia.

Are gehiago, Kortxoenea desalojatu ondotik, Mozal Legea aplikatuta 6 isun jaso ditugu dagoeneko. Mozal Legea indarrean sartu zenetik (2015eko uztaila) 8.087 aldiz aplikatu dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak; 2.857 isun jarri dituzte Legebiltzarrak Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa bere egin zuenetik. Baina datuetan ito gabe, oraingoan guri egokitu zaigu estatistika hauen parte izatea, eta ezin gara isilik geratu.Mozal Legea herri mugimendua zapaltzeko beste tresna bat besterik ez da, eta Ertzaintza berau aplikatzeko konpromiso argia erakusten ari da. Erantzun beharrean gaude.

Baina Ertzaintzarekiko gure salaketak ez dira hor amaitzen, eta polizia autonomikoak Kortxoenearen desalojoan zehar izan zuen jarrera salatu nahi dugu. Gogora ekarri behar dugu Ertzaintzak bazekiela noiz, nork eta nola desalojatuko zuten Kortxoenea, eta beren dispositibo guztia legez kanpoko prozesu hori babesteko helburuarekin prestatu zuten.

Azaroaren 3 hartan, eraikuntza enpresaren soldatapeko kaputxadun mertzenarioek Kortxoeneako atea bota eta burdinazko barrak eskuetan zituztelarik, bertan lotan zeuden lagunak kolpe eta mehatxuka atera zituztela. Hau guztia gertatzen zen bitartean Ertzaintzaren 6 furgoneta Polloeko aparkalekuan zeuden zain. Dispositibo guztia prest zuten, baina bizilagunen hainbat dei jaso arren ez zuten gerturatu nahi izan, jakin baitzekiten gerturatuz gero desalojo ilegal hura burutzen zutenen aurka egin beharko zutela, eta ez ziren bertaratu Kortxoeneako hiru kide teilatura igo ziren arte.

Argi utzi digute beste behin ere nolakoa den instituzioen eta poliziaren arteko elkarlana interes pribatuen alde egin eta herri mugimenduak kolpatzeko. Instituzioen papera ere mahai gainean jarri nahi dugu, izan ere eraisketaren urteurrenean zabaldu genuen testuan azaldu genuen bezala, polizia bezain jakitun zen Donostiako Udal Gobernua gertatuko zenaren inguruan, eta gatazka guztian zehar jokatu zuen papera ere salatu nahi dugu.

Jasaten ari garen errepresioaren aurrean ezinbestekotzat jotzen dugu herritarron mobilizazioa. Hori dela eta datorren ostegunean, maiatzak 4, 09:30ean Donostiako epaitegian burutuko dugun kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu, horrela bi auzipetuei gure elkartasun eta babesa erakutsiaz. Eta bide batez gogorarazi nahi dugu legez kanpoko eraisketa dela eta jarri genuen salaketa aurrera doala eta uztailean izango dugula eraikuntza enpresaren aurkako epaiketa.

Hondeamakinek ez dute amaiera idazten.