argia.eus
INPRIMATU
Maiatzaren 28an eta 29an epaituko dituzte Salegi, Solabarria eta Ernaiko zazpi kide
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi du Gazte Danbada jaialdiaren harira egingo duten epaiketako data: Maiatzaren 28an eta 29an. Ernai gazte antolakundeko kide diren Maialen Etxeberria, Irati Sienra, Garazi Mugertza, Mikel Moreno, Aitor Anda, Gotzon Elizburu eta Mikel Button; Periko Solabarria eta Iraitz Salegi Topatuko kazetariak "terrorismoa goratu" zutela leporatzen diete.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 12a
Danbada jaialdiko ekitaldian Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako "salbuespenezko neurriak" salatu zituen Ernaik

Gazte Danbadaren ekitaldiaren egunean Xabier Lopez Peña preso politikoa espetxean hil izana salatu zuten. Hala azaldu du Ernaik epaiketaren data ezarri ondoren ateratako oharrean: “Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako salbuespenezko neurriak salatu genituen bertan (Danbadan) bildu ginen gazte guztiok”.

Fiskaltzak eta AVT terrorismoaren biktimen elkarteak, terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, bi urteko kartzela zigorra eskatu dute Ernaiko sei kiderentzat. Era berean, Ernaiko zazpigarren kidearentzat, Salegi eta Solabarriarentzat urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu dute.

Epaiketa gazteriaren aurkako “eraso gogorra” dela azpimarratu du Ernaik: "Haien interesen aurka doazen ahotsak isilaraztea du helburu". “Behin eta berriz kolpatu arren, konponbidearen bidean urratsak ematen jarraituko dugu. Epaitegietan eseri nahi gaituzte, baina ez gaituzte kaleetatik botako”, gaineratu dute.