Mobilizazioak Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean izanen dira, “soldaten, pentsioen eta gizarte prestazioen erosahalmena defendatzeko”.
"Bizitza duina bermatzeko, aberastasuna banatu behar da. Langileon bizitza eta planeta erdigunean jartzeko, garapen paradigma berria behar dugu, bidezko trantsizio ekologikoa aldarrikatzen dugu". Irakurketa hori plazaratuko du maiatzaren 26an Eskubide Sozialen Karta antolakundeak. Zehazkiago, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean eginen dituzte manifestazioak, arratsaldeko zazpietatik aitzina.
Igor Arroyo LAB sindikatuko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa ELAkoak eman dute mobilizazioen berri, prentsaurreko bidez.
Horra zehazki zein diren maiatzaren 26an entzunaraziko dituzten aldarrikapenak:
- Langileon erosahalmenari eusteko:
Soldatak eta pentsioak defendatu, gutxienez KPI errealaren igoera.
Produktu energetiko guztien prezioak kontrolatu eta mugatu.
- Energiarako eskubidea bermatzeko:
Energiarako eskubidea bermatzeko, energia sektorearen publifikazioa, kontrol publiko eta soziala.
Elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu.
Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kendu.
Trantsizio energetikoa demokratikoki planifikatzeko bideorria.
- Zerbitzu publikoen defentsan:
Zerbitzu publikoen eraispena gelditu eta hauek garatu
Kalitatezko Zaintza Sistema Publiko Unibertsalaren eta Doako Sistemaren bidez, pertsona guztiek bizitza osoan beren zaintza-beharrak beteta izan ahal izateko.
Osasun zerbitzu publikoek herritarren beharrei erantzun egokia eta kalitatezkoa emango dietela bermatzea.
Hezkuntza sistema publikoaren defentsa, hezkuntzara bideratutako aurrekontua Europako batez bestekoarekin parekatuz, besteak beste.
Unibertsitate publikoko tasen jeitsiera.
- Babes sistema hedatu eta sakondu:
Kalitatezko etxebizitzarako sarbide unibertsala: eskubide subjektibo erreala bermatu, alokairuaren prezioa mugatu, parke publikoa handitu, etxegabetzeak gelditu eta okupazioa despenalizatu.
Pentsio sistema publikoa indartu
Bermatutako oinarrizko errentan Kartatik egindako HEL-a kontuan hartu.
- Aberastasunaren banaketaren alde:
Zerga erreforma egin. Enpresen mozkinengatik, aberastasunarengatik eta errenta altuengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitu.
Zorrari dagokionez, herritarren zorraren auditoria egin behar da.
Burujabetzaren bidean:
Burujabetzan aurrera egin. Sektore estrategikoak, babes sistema eta lan merkatua arautzeko eskumenak behar ditugu. Ezinbestekoa izango da elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa etab. sustatzea.