argia.eus
INPRIMATU
Maiatzaren 25etik aurrera greba mugagabea deitu dute Ikasle Abertzaleek EAEn
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan klase presentzialen itzulera plana bertan behera uztea exijitzeko, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan ikasle greba mugagabea deitu du IAk

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 19a

“Eusko Jaurlaritza egun batetik bestera aldatzen ari da erabakiak, hezkuntza komunitateko milaka pertsonaren etorkizun eta ongizatearekin arduragabekeriaz jokatuz”, salatu dute ikasleek, eta eskatu dute ikasturte akademikoa amaitutzat ematea, hirugarren ebaluazioko ikasgaien gainditze automatikoa aplikatzea eta oporren ohiko iraupena errespetatzea, “klase telematikoetako edukia ebaluatzeko bermerik ez dagoelako eta klaseetara itzultzea langile klasearen aurkakoa delako”.

Alabaina, selektibitatea prestatzeko urteroko borondatezko klaseak zein Lanbide Heziketako azterketak dituzten ikasleek errefortzuko klase presentzialak izatea positiboa dela iritzi diote, “betiere segurtasun neurri aproposak aplikatzen badira eta asistentzia ez bada derrigorrezkoa”.

Datorren ikasturteari begira

Datorren ikasturteaz ere mintzatu da IA: mugimenduaren esanetan, normalitate berria delakoak ekarriko du ikasketen kalitatearen galera orokorra, eta hezkuntzaren informatizazioan eta ikasleen kontrol sozialean sakontzea. Garbi dute ikasleek: “Hezkuntza komunitateko kide orok baldintza onargarriak eduki arte greba deialdia luzatuko dugu, eta baldintzak aldatu ezean, hurrengo ikasturtean greba deialdia hezkuntzako gainontzeko esparruetara zabaltzeko aukera mahai-gaineratzen dugu”.