argia.eus
INPRIMATU
Maiatzaren 25era atzeratu du Jaurlaritzak ikastetxeetara itzultzea
  • Maiatzaren 18an EAEko eskoletan ikasleak hartzeko estaldura juridikorik ez dutela onartu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, eta beraz astebete atzeratu du Eusko Jaurlaritzak horretarako aukera (ikastetxe bakoitzak hartu beharko du erabakia). Korapilatsua izaten ari da ikasturte amaierako plana EAEn.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko maiatzaren 14a

DBH 4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak buruan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeak maiatzaren 18an irekiko zirela iragarri zuen Cristina Uriartek, hezkuntza komunitatearekin adostu gabe. Aldebakarrez jokatzea kritikatu diote bai sindikatuek, bai hezkuntza munduko beste hainbat eragilek, eta osasun eta segurtasun berme nahikorik ez dagoela iritzita, neurriak eta itzulera behar bezala adosteko exijitu diote egunotan.

Arantza Tapia Ekonomia sailburuak ikastetxeak bai ala bai irekiko zirela ziurtatu eta bi egunera, ezustea eman zuen Jaurlaritzak: ikastetxe bakoitzak hartuko du erabakia, ateak ireki ala ez eta zein ikasle hartu. Are haserreago agertu dira sindikatuak Jaurlaritzaren “arduragabekeriarekin”, ikastetxeetako zuzendaritzaren gain halako zama utzita eta horrek ikastetxeen –eta ikasleen– arteko arrakala areagotuko duela sinetsita. Bere ardurak bere gain hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari, negozia ditzala itzuleran ikasle eta langileen osasuna bermatuko dituzten neurriak.

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea ere garbi mintzatu da eta aldarrikatu du ez dela ikastetxeetara itzuli behar segurtasun bermerik ez dagoen artean.

Hezkuntza komunitateak oro har adierazi du gaur gaurkoz Jaurlaritzak aldebakarrez planteatu duen planean osasun bermeak ez direla nahikoak, eta beraz maiatzaren 18a gertuegi dagoela.

Horri gehitu behar zaio Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok mezu garbia bidali ziola asteazken honetan Jaurlaritzari: lehenengo fasean ezin dira ikastetxeak zabaldu.

Honek guztiak aldaketa berri batera behartu du Jaurlaritza, eta halaxe azaldu du Cristina Uriartek: “Nahiz eta maiatzaren 18tik aurrera eskola presentzialetara itzultzeko Espainiako Gobernuarekin akordioa lortua izan, Eusko Jaurlaritzak ez du jaso oraindik horretarako beharrezko estaldura juridikoa. Beraz, aurreikusita zeuden mailetako ikasleen itzulera maiatzaren 25ean izango da”. “Argitasuna eta segurtasuna emateko helburuz” egin dutela gehitu du Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak.