argia.eus
INPRIMATU
Maiatzaren 24tik 27ra “ainguratuko” da aurtengo Literaturia
  • Bosgarren urtez ospatuko da Literaturia jaialdia Zarautzen. Maiatzaren 24tik 27ra izango da eta aurreko urteetako dinamikari jarraituz, egitarau zabala osatu dute. Duela 10 urte Larrabetzun sortu zenetik, espiritu berari eutsiko dio jaialdiak: euskal idazle, argitaletxe eta irakurle gazte zein helduen topagune izatea, eta literaturaz gozatzeko askotariko aukerak eskaintzea.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 04a
Tobacco Days liburu dendan egin zuten atzo jaialdiaren aurkezpena

Zarautz “euskal letren plaza” bilakatzeko asmoa dute eta gai nagusitzat aingura aukeratu dute aurtengoan. Irudi metaforiko horren bueltan biltzen dira aurtengo ekitaldiak.

Hiru esparrutan banatu dituzte: Haurren txokoa Musika Plazan izango da, liburu-azokarekin batera; liburu aurkezpenak larunbatean egingo dituzte Garoa liburu dendan eta egitaraua osatzen duten gainontzeko emanaldiak hirutan banatu dituzte. Autobiographical emanaldiak berotuko du giroa maiatzaren 24an.

Hurrengo egunean egingo dute irekiera ekitaldia, Joxan Artze gogoan hartuz eta ainguraren ideiari helduz: “Joxan Artze sustraituta zegoen pertsona bat izan zen, baina horrek ez zion inolako loturarik ekartzen; hortik aske sortzen zuen”, aipatu du Ana Galarraga antolatzailek.

Horrez gain, bi tailer ere izango dira, bat, itzulpengintzakoa, UEZIk antolatua, eta, bestea, wikilariena, Euskarazko Wikipediaren eskutik.

Egitarauaren aurkezpenean, Andoni Tolosa Morau eta Txakur Gorria taldeko kideak izan dituzte lagun Literaturiako antolatzaileek. Lehenak alzheimerra eta sorkuntza ardatz izango dituen solasaldi berezi batean parte hartuko du, Anjel Lertxundi eta Maddi Zubeldiarekin batera. Txakur Gorriak, berriz, Lau izeneko emanaldia estreinatuko du Literaturian. Egingo diren ekitaldien adibide bi baino ez dira horiek.

Halaber, Literattipian Jesus Mari Olaizola Txiliku-ri omenaldia egingo diotela ere aurreratu dute.