argia.eus
INPRIMATU
Maiatzaren 1erako mobilizazioak iragarri dituzte sindikatuek
  • Asteartean Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskal Herriko sindikatu guztiek mobilizazioak antolatu dituzte egun horretarako.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 27a

“Lan, bizi, herri duina” da LABek aurtengo maiatzaren lehenengoari begira aukeratu duen leloa, eta bi ardatz finkatu ditu: “Eraldaketa sozialerako grina gauzatzeko mobilizazio soziala indartzea” eta “gogo hori burujabetza prozesuarekin lotzea”. Eskualdez eskualde egingo dituzte mobilizazioak.

ELAk, bestalde, mugimendu feministaren eta pentsiodunen “errebindikazio oldea indartzeko” mobilizazioak egingo ditu. “Pobreziari gerra! Soberan inor ez” leloa aukeratu dute. Bilbon egingo dute manifestazio nagusia, 11:45ean Jesusen Bihotzetik.

CCOO eta UGT sindikatuek manifestazio bateratuak deitu dituzte maiatzaren 1erako: 11:30ean Bilbon On Diego Lopez Harokoa kale nagusitik, 12:00etan Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazatik, eta 12:00etan Donostian Alderdi Ederretik.

Steilas, ESK, CGT-LKN, COBAS eta CNT sindikatuek bat egitea erabaki dute Maiatzaren Leheneko mobilizazioei begira. 10:00etan Oreretatik martxa bat abiatuko dute, eta 12:30ean manifestazioa egingo dute Donostian, Bulebarretik.

Ipar Euskal Herrian, Baionan tren geltokitik abiatuko da manifestazioa 11:00etan, eta Maulen Kurutze Xuriatik ordu berdinean.

Nafarroan, sei herritan egingo ditu manifestazioak LABek, eguerdian guztiak: Altsasun, Donezteben, Iruñean, Lizarran, Tafallan eta Tuteran.