argia.eus
INPRIMATU
Maiatzaren 18a, presoen aldeko aldarriz bete nahi dituzte plazak
  • Herrira mugimenduak Euskal Herri osoko plazak bete nahi ditu larunbatean, M18 Plazara ekimenarekin. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira leloa erabili dute horretarako.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 17a
Ekimenaren karteletako bat (argazkia: arabakoherrira.org)

Mobilizazioen mapa interkatiboa garatu du Herrira mugimenduak:

200 udalerri baino gehiagotan antolatu dituzte ekitaldiak, eta hainbat eragileren babesa jaso dute. Bermea eman duten 31 eragile sozialen artean Euskal Herrian Euskaraz, Askapena, Euskal Herriko Kristau Elkarteak edota Etxerat aurkitzen dira, besteak beste.

Honez gain, zenbait alderdi politikok bat egin dute M18 ekimenarekin. Espetxeetako “salbuespen neurriak” bertan behera uzteko eskatu zuten Sortuk, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Ezker Batua-Berdeek, Alternatibak, Gorripideak, Eusko Ekintzak eta Euskal Herriko Komunistek maiatzaren 8an Donostian.

Espainiako eta Frantziako gobernuak espetxe politikan “atzeranzko pausoak” ematen ari direla salatu zuten alderdiek, nahiz euskal gizarteak euskal presoen eskubideak errespetatzeko nahia “argi adierazi”. Besteak beste, gaitz larriak dituzten hamabost presoak aske uztea, sakabanaketa amaitzea eta 197/2006 doktrina bertan behera uztea eskatu zuten.

Bestalde, jendea ekimenera batzeko intentzioz, Herrirako zenbait kidek manifestu hau idatzi dute. Bertan euskal preso politikoek eta senideek egun bizi duten egoera eta horretan Estatu espainiarrak eta frantziarrak izan duten erantzukizuna azaltzen dute.