“Modu boluntarioan” eginen da eskolara itzultzea Ipar Euskal Herrian eta orokorki Frantziako Estatuan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak zehaztu duenez. Ez-ulertzea eta desadostasunak ez ditu baretu zehaztapenak.
Nahi den bezala: edo ikastetxera eraman umea edo etxetik segitu eskola. Horra nola aurreikusten duen Frantziako Gobernuak umeen eskolaratzea. Zehaztapen horren berri eman die Emmanuel Macronek Frantziako hainbat auzapezei, bideokonferentzia bidez. Horrez gain, ez da guztientzat maiatzaren 11n abiatuko, “ondoko hiru asteetan banatuko dira ikastetxeetarako itzulerak”. Gehienik 15 ikasle egonen dira gelaka.
“Modu boluntarioan” egiteak ez ditu kezkak baretu. Hain zuzen, izurritea oraindik presente izanki, maiatzaren 11ko datak kezkak eragin zituen hainbat irakasle eta gurasoen artean.
Gainera, hautuzkoa izateak ez dakar soluzioa, guztiek ez dutelako nahiaren arabera erabakitzen ahalko: anitz izanen dira lanera itzuli beharrean umea eskolaratuko dutenak, nahiz eta urratsa arriskutsutzat jo. Funtsean, Philippe Martinez CGT sindikatuko idazkari nagusiak argiki adierazi du ez direla ados eta ikastetxeen irekitzeak irailean egin behar liratekeela. Dionaz, zientzialari anitzek partekatzen du iritzi hori. “Zer erran nahi du modu boluntarioan? Beste hauturik ez duten gurasoek dituzte umeak eskolara bidaliko? Zein baldintzetan? Zein proportziotan? Eta zer egiten dugu arrazoi errespetagarri batzuengatik umea ikastetxera bidali nahi ez duten gurasoekin baina nagusiaren partetik lanera itzultzeko presioa duten horiekin? Nola kontuan hartuko dira?”, deitoratu du Martinezek.