"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".
Zubiak, "elkarri begietara begiratzeko" oinarrizko elementu gisa baliatuta, maiatzaren 10ean Nafarroa osoan euskararen aldeko bilkurak egiteko deialdia egin du igandean Sorionekuak dinamikak, agerraldi batean: "Garai nahasi hauetan behar ditugu zubiak. Sinetsita gaude gurea, elkar ulertzeko, elkar ezagutzeko eta elkar errespetatzeko lurraldea dela".
2023an sortu zuten Sorionekuak plataforma, eta urte horretako ekainean euskararen aldeko festa jendetsu bat egin zuten Iruñean, "Euskara, nafar guztiona" lelopean. Lehen pauso horri jarraiki, maiatzaren 10ean bidea egiten jarraitzeari garrantzia eman nahi diote: "Ez baikara atzera begiratzearekin konformatzen diren horietakoak, pausoak ematearen aldekoak gara gu".
Deialdia babestu dute Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunek eta eurekin batera urrats hori egiteko prest dagoen eragile sozial eta politiko orori deia luzatuz:
Iñaki Perurena harri jasotzaileak, Anabel Arraiza aktoreak, Oier Sanjurjo futbolari ohiak, Arantza Santesteban zinemagileak, Sustrai Colina bertsolariak, Idoia Arraiza mugimendu feministako kideak, Julen Goldarazena FlakoFonki musikariak, Jaione Dorai euskara teknikariak, Iñaki Soto kazetariak eta Zuriñe Hidalgo abeslariak, esaterako.