Maialen Lujanbiok jantzi du bigarrenez Zapia Zaldibian
Urriaren 19an jokatu zen Udazkeneko II. Zapi Janztea. Lehen bi edizio hauetan, beraz, Lujanbio da zapiduna. Sariketa honen ezaugarriak dira, sari nagusia zapia izateaz gain, zapia jantzi duenak hurrengo urtean ere kantatzen duela, eta entzuleen bozkek erabakitzen dutela nork merezi izan duen zapia.
Zaldibiako Zubiburu Elkartean 70 afaltiarrek gozatu zuten bertso-afaria. Bertsotan aritu ziren Maialen Lujanbio, Maddalen Arzallus, Unai Agirre eta Unai Iturriaga. Zapiak Bat Elkarteak antolatzen du Zapi Janztea, haien hitzetan "Saioari inongo lehia kutsurik emateko asmorik gabe". Antolatzaileen helburua "emakumearen ikur den euskal zapiari bere lekua aitortu nahian, txapelarekin gertatzen den eran, zapia janztea ere ohore izan dadila" da. Antolatzaileen nabarmendu dute aparteko giroa jarri zutela bertsolariek eta "saio borobila" egin zutela.