argia.eus
INPRIMATU
Maialen Duguine: “Busti gazteen topaleku izatea nahi genuen”
  • “Gazteentzat euskaraz pentsatutako edukien faltan”, gazteek gazteentzat egindako Busti saioak irabazi du 2017ko Ikus-entzunezkoen Argia Saria.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko urtarrilaren 27a
Maialen Duguine eta Maia Iribarne (arg: Dani Blanco)

Maialen Duguine taldeko kideak adierazi digunez, “denbora aunitz pasa dugu proiektu honen inguruan, eta sari honek balorazio berezia ekartzen dio lantalde osoari. Emankizuna bukatua da orain, baina motibazioa pizten ahal digu beste proiektu batzuk aitzinatzeko”.

Hainbat gazte-iniziatibari euskara hutsezko multimedia proiektu baten barruan ahotsa ematea izan dute helburu Kanalduderen babesean, eta Ipar Euskal Herriko autobus geltokiak izan dituzte eszenatoki: “Autobus geltokiak bezala, Busti gazteen topaleku izatea nahi genuelako”. Emankizun mugikorra izan da, eta hilero txoko ezberdin batean ikusteak ere eman dio freskotasuna eta sorpresa saioari.

Umorea lagun, eguneroko gaiak aipatu eta kritikatzeko tartea izan dute, eta atal ugariz osatutako emankizuna izanik “bakoitzak bere intereseko puntuak bilatu dituela iruditzen zaigu”, azaldu du Duguinek. Talde honen bueltan gazte anitz elkartu direla-eta, oso gustura daude emaitzarekin.