Aita-alabek Abdulrazak Gurnah-en Paradisua liburua itzuli dute euskarara. Tanzaniarrak Literaturako Nobel saria irabazi zuen 2021ean. Miren Billelabeitiak Saiakerako Euskadi saria jaso du Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz lanagatik.
Pasa den astean iragarri ziren Euskadi Literatura Sarietako lehen hiru irabazleak: Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxe. Saridunen bigarren partea astelehen honetan eman dute. Lau sari banatzen ziren oraingoan: Saiakera Euskaraz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Gaztelaniazko Literatura eta Saiakera Gaztelaniaz.
Literaturaren Nobel Sariduna den Abdulrazak Gurnah-en obra euskaratu dute Maialen Berasategik eta Joxe Mari Berasategik: Paradisua. Epaimahaiko kideen iritziz, “irakurketa gozoko testua” lortu dute itzultzaileek, “itzulpen mekanikotik behar adina urrunduta”. Epaimahaiak uste duenez, “euskara idatziaren tradizio klasikotik aldendu gabe, Afrikako mundu urrun eta arrotza inolako oztoporik gabe hurbiltzen zaio euskal irakurleari, gozamen eta atseginbide bihurtuz belarriarentzat liburu honen irakurketa”.
Euskarazko Saiakeraren alorrean bestalde, epaimahaiaren iritziz, Miren Billelabeitiaren Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz liburuak "irakurketaren plazera eta garrantzia defendatzen du". Horrez gainera, "klasikoak eguneko gaietara emateko gaitasuna" ere nabarmendu dute, "estilo dotore, idazkera jaso, prosa zaindu eta finaz" idazteaz harago.
Gaztelaniazko saiakera, Ander Izagirreri
Kazetari donostiarraren Vuelta al país de Elkano liburua saritu du Euskadi Literatura sariko epaimahaiak. Pertsonaia heroikoen "desmitifikazioa" eskaintzen duela azpimarratu dute epaimahaiko kideek, eta "kazetaritza pausatuaren tekniken eta xehetasun esanguratsuen aukeraketan asmatu" duela.
Azkenik, Alejandro Morellón idazle madrildarrak irabazi du Gaztelaniazko Literatura saria, El peor escenario posible liburuagatik. "Ezohikoaren eta zoragarriaren harremana, adimen handia eta umore beltza" nabarmendu du epaimahaiak, eta irakurlea "izaki apatiko" bihurtzen duela azpimarratu.