Iruñeko Foruen Plazan Nafarroako bandera erraldoia jarri zuten ekainaren 24an. Orotara 178.000 euroko kostua izan zuen, udal gobernuak esandakoa baino %79 gehiago.
Navarra Sumak esan zuen 100.000 euro “inguruko” kostua izango zuela Iruñean jarri duten Nafarroako bandera erraldoiak. Noticias de Navarra egunkariak eman du egiazko prezioa: 178.000 euro, eta xehe-xehe eman ditu datuak. 168.498 euro kostatu da ikurra egin eta bere lekuan jartzeak, ia 10.000 euro hura argiztatzeak.
Besteak beste, hogeita hamar metroko masta, 8x12 metroko bandera, driza eta puntako argiak egin eta instalatzeak soilik 97.415 euroko kostua izan du, hasieran 75.000 euro izango zirela esan zuen Navarra Sumak. Horri gehitu behar zaizkio bestelako materialen eta obren kostuak. Gainera, mastaren argiztapenean ia 10.000 euro gastatu ditu udalak.
Enrique Maia Iruñeko alkateak ikur erraldoia Foruen Plazan jartzea horrela defendatu zuen: “Bandera beharrezkoa zen gure nafar identitatearen sinbolo baita”.