argia.eus
INPRIMATU
Azken dolu eguna
Irango Polizia bidea ixten saiatu arren, milaka hurbildu dira Aminiren hilobira
  • 40 egun igaro dira Irango poliziaren indarkeriaren eraginez Mahsa Amini emakume kurdua hil zenetik. Ordutik, poliziak protestetan ehun manifestari baino gehiago hil ditu eta 1.000 atxilotu. Asteazkena azken dolu eguna da kultura kurduan, eta ehundaka lagun bildu dira haren jaioterrian.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 26a
Aminiren hilketak Iranen protestak astindu ditu / Argazkia: Jila Mostajer

Irango poliziak Mahsa Amini hil zuenetik 40 egun bete dira asteazkenean, eta milaka lagun bildu dira bere jaioterrian, Kurdistango Saquez hirian, omenaldia eskaintzeko eta agintarien krimenak salatzeko. 40. dolu eguna etaparen azkena da kultura kurduan.

Irango Gobernuak hirirako bidea itxi du, eta segurtasun indarrak gogortu ditu asteazkenerako poliziaz betez hiria. Horrek eragin du hilerrira bidean milaka lagun oinez joatea errepidetik.

Amini pasa den irailaren 13an atxilotu zuen Irango poliziak, beloa oker jantzita zuelakoan. Polizia etxetik ospitalera eraman zuten koma egoeran, eta hiru egunen ostean hil zen.

Ordutik, Iraneko hiri ugaritan protestak hasi dituzte, azken urteetan izandako indartsuenak. Poliziak indarrez erantzun du, eta ehun manifestari baino gehiago hil ditu, baita mila lagun atxilotu ere.

Doluaren amaiera zela-eta, hainbat eragilek jakitera eman dute agintariek Aminiren familia mehatxatu dutela omenaldirik ez egiteko. Suzko armez eta gas negar-eragileaz eraso egin du poliziak, ANF berria agentzia kurduak jaso duenez. Baina jazarpenari aurre egin diote ehunka manifestarik, eta protesta oihuak areagotu dira. "Jin, Jiyan, Azadi" (“Emakumea, bizitza, askatasuna”) lelopean emakumeak protesten eredu bilakatu dira. “Diktadorearen gainbeheraren garaia" dela ere aldarrikatu dute Saquezen –Irango buruzagi gorena den Ali Jameneiri erreferentzia eginez–.

Bestalde, asteazkenerako grebarako deialdia zabaldu da Irango hainbat hiritan, baita ekialdeko Kurdistanen ere.