argia.eus
INPRIMATU
Mahmud Abbas presidentea heroi moduan hartu dute palestinarrek
  • Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Palestina estatu begirale gisa onartu izana ospatzeko, milaka lagunek heroi moduan hartu dute Mahmud Abbas presidentea, AEBetatik bueltan. Bien bitartean, NBEren erabakiari entzungor eginez, Israeleko lehen ministro Benjamin Netanyahuk adierazi du asentamendu berriak eraikiko dituztela. "NBEren erabakia sionismoaren aurkako erasoa da", esan du.

Jon Torner Zabala @jtorner 2012ko abenduaren 03a
NBEren erabakia pozarren hartu dute palestinarrek.

NBEren onarpenak ez du esan nahi Palestina eskubide osoko estatu gisa onartu duenik, urrats hori Segurtasun Kontseiluak eman behar baitu. Baina palestinarrentzat erabaki garrantzitsua da, 1967tik israeldarrek okupatu dituzten lurraldeak Palestinakotzat jotzen dituelako.

Sinbolikoki esanahi handia du NBEren erabakiak baina, hortik haratago, teknikoki ondoriorik izango ote duen ikusteke dago. Gizarte palestinarra politikoki eta geografikoki bi zatitan banaturik dago: Hamasek kontrolatzen duen Gazako Lerroa batetik, eta Palestinako Aginteak gobernatzen duen Zisjordania bestetik. Banaketa horri gehitu behar zaizkio Israelen okupazioak eragindako kalte ekonomikoak eta bake prozesuak bizi duen egoera ahula. "Arrazoi horiek medio, NBEren erabakiak balio sinbolikoa baino ez duela pentsa daiteke, baina ez da dudarik Ekialde Erdian sinbologiak garrantzia handia duela", dio

Ondorio praktikoei dagokienez, Connollyk dio palestinarrek NBEren erakundeetara eta Nazioarteko Zigor Auzitegira sartzerik izango balute, teorian Israel jazartzeko aukera izango luketela, Zisjordaniako asentamenduen politikagatik. Israelek ez du uste halakorik gerta daitekeenik. Netanyahuren hitzetan "Israelek asentamenduak eraikitzen jarraituko du Jerusalemen eta berarentzat estrategikoak diren leku guztietan; NBEren erabakiak indarrean diren akordioak urratzen ditu eta, ondorioz, Israeleko Gobernuak arbuiatu egiten du".

Israeleko agintariek diote palestinarrek ez dutela errespetatu zehaztutako bake-orria. Palestinarrek, aldiz, prozesu hori hilzorian dagoela diote, eta beharrezkoa zela bide alternatiboak bilatzea.