argia.eus
INPRIMATU
Maguette Mbeugouri babesik ez zaiola eskaini salatu dute
  • Mbeugouk bi aldiz salatu zuen indarkeria matxista jasaten ari zela. Irailaren 25ean hil du bikotekide zuenak, labankadaz.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 27a
Mbeugouren hilketa salatzeko Bilbon egindako manifestazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

2017an jakinarazi zuen Mbeugouk lehenengoz bere bikotekidearengandik indarkeria matxista jasaten ari zela, Udaltzaingoan jarritako salaketa batekin. Segurtasun Sailak Garari jakinarazi dionez, Udaltzaingoak ez zuen babes neurririk hartu.

Denboran hainbeste atzera egin beharrik barik, medikuarenean jakinarazi zuen indarkeria jasaten ari zela. Artatu zuen medikuak Mbeugou zaintzeko izapideak martxan jarri zituen. “Dagoeneko dena zegoen bidean, baina ez dugu lortu babestea”, adierazi de medikuak bere Twitter kontuaren bitartez.

Beste behin, prebentzio faltaren auzia azpimarratu da.

Maguette Mbeugou bere senarrak hil zuen labankadaz irailaren 25ean, 25 urte zituela, Bilboko Ollerietagoiena kaleko etxebizitza batean. Honen haurrak bertan ziren hilketa unean.

Gizonezkoa Mutrikun atxilotu zuen Ertzaintzak asteartean, eta atxilo daukate ordutik. Ostegunean dira gorpuaren autopsia egitekoak, eta behin hau burututa gizona Bilboko indarkeria matxista auzitegi baten esku egotera pasako da.

Emakumearen alabak Bizkaiko Diputazioaren esku daude momentuz. Instituzio foralak Mbeugouren anaiarekin eta gizonaren anaiarekin biltzeko asmoa dauka, haurren tutoretza erabakitzeko.

Mobilizazioak

Asteazkenean mobilizazioak egin dira Bilbon. Goizean, Udalak deituta, elkarretaratzea egin zen udaletxe aurrean. Ordezkari instituzionalak eta Bilboko afrikar komunitateko kideak batu ziren deialdian, hilketa gaitzesteko. Komunitate afrikarra arduratuta azaldu zen, eta salatu egin zuen Udaltzaingoan salaketa jarri izan arren Mbeugouri babesik eskaini ez izana.

Arratsaldean, Euskal Herriko Emakumeok Mundu Martxak deituta, manifestazioa egin zen Atxuriti auzotik Arriagaraino. Amaieran Marie Lucia Monshenek hitz egin zuen afrikar emakumeen izenean, eta emakume migratzaileek indarkeria bikoitza jasaten dutela azpimarratu zuen. Bizkaiko Senegaldarren Elkarteko Abdoulaye Wadek ere hartu zuen hitza, eta salaketa jarri ostean Mbeugou babestu ez izana salatzeaz aparte, indarkeria matxistaren biktima migratzaileentzako asiloa eskatu zuen.

Ostegunean, irailak 27, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak elkarretaratzeak deitu ditu Donostia, Gasteiz eta Iruñean. Donostian 19:30etan Bulebarrean, Gasteizen 20:00etan Andra Mari Zuria enparantzan eta Iruñean 20:00etan Udaletxe plazan.